Borrar

Ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailer berriak eskainiko dira maiatza eta ekainean

J. M. ZUBIAURRE

ZARAUTZ.

Viernes, 3 de mayo 2019, 00:23

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio arloak ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailer berriak eta, Zarauzko Osasun Zentroarekin elkarlanean, hitzaldi bat antolatu ditu urteko bigarren hiruhilekorako.

Miren Letamendia, Osasun eta Prebentzio zinegotziak tailer hauek eskaintzearen helburu nagusia osasunaren sustapena dela gogorarazi du, «osasunaren sustapena ikuspegi zabalean ulertzen dugu Prebentzio sailetik. Osasunaz hitz egiten dugunean osasun fisikoari eta emozionalari buruz ari gara. Tailer hauen bidez zarauztarrei ezagutza, trebetasunak, gaitasunak, baliabideak eta tresnak eskaini nahi dizkiegu ongizaterako eta egoera emozionalak hobetzeko. Horrez gain, elkarren artean gauzak partekatzeko, hobeto sentitzeko eta irtenbideak aurkitzeko guneak dira».

Hala, hiru tailer berri eskainiko dira datozen hilabeteetan. Lehena, Haurdun taldea izango da. Letamendiak azaldu du tailerraren nondik norakoa, «ume bat edukitzea aldaketa handia da emakumearen eta bere bikotekidearen bizitzan; eta haurdunaldi, erditze, erdiondo eta hazierak, beldur eta zalantza asko sortzen ditu.

Ikastaro honen helburu nagusia prozesu honetan haurdunen eta bere bikoteen (baldin badute) bidelagun izatea da. Ikastaroa sei saiotan banatuko da: haurdunaldia, erditzea, erdi-mina, umearen jaiotza, erditze-plana eta erdiondoa. Saio guztietan erditzera begira, arlo psikologikoa eta gorputza landuko dira. Estitxu Fernandez Maritxalarrek eskainiko du tailerra, euskaraz, Zuberoa kaleko 22. zenbakian dagoen ikastaro gelan. Saioak ondoko egunetan izango dira: maiatzak 8, 22 eta 29 eta ekainak 5, 12 eta 19. Ordutegiari dagokionez, 10:00etatik 12:00etara eskainiko dira eta matrikula 15 eurokoa izango da. Gutxienez 8 pertsonak hartuko dute parte eta gehienez, 10.

Bigarren tailerra 0-1 urte bitarteko umeen guraso taldea izango da. «Tailer honetan urtebete arteko umeak dituzten gurasoek beren umeekin parte hartzeko aukera izango dute. Gurasoei aldaketa prozesu honetan, arreta, babesa eta orientazioa eskainiko zaie. Haurren garapenari buruzko informazioa jasotzeaz gain egunerokoan haurrekin sortzen diren egoerak landuko dira», nabarmendu du Osasun eta Prebentzio zinegotziak.

Ikastaro honetan, Julene Armendariz Ezeiza izango da irakaslea eta euskaraz izango da, datozen egunetan: maiatzak 8, 15, 22 eta 29 eta ekainak 5 eta 12, 17:45etik 19:45era. Tailer hau ere Zuberoa kaleko ikasgelan burutuko da eta gutxienez 8 pertsonak hartuko dute parte eta gehienez ere 10 pertsonako taldea izango da. Matrikula 15 eurokoa da.

Antolatutako hirugarren ikastaroaren izena Komunikazio ez bortitza-Errespetuzko komunikazioa da. «Sarritan nahi duguna adierazi ezinik edo esan nahi duguna modu kaltegarrian esaten aurkitzen gara, honek ondoeza eta errudun sentimendua ekartzen dizkigu, geurekin eta besteekin. Beraz, tailer honen helburua komunikaziorako beste eredu batzuk ezagutzea da», adierazi du Letamendiak. Marshall Rosenberg-ek garatu zuen Komunikazio Ez Bortitzaren ereduan oinarrituko dira ikastaroan, modu erraz, zehatz, praktiko eta eraginkorrean. Norbere sentimendu eta beharrak adierazteko eta bestearen jokaera edo jarrera desatsegina entzun eta ulertzeko aukera emango du, egoera gatazkatsuak errespetutik konpontzeko eta ez epaiketatik eta min egitetik. Nerea Mendizabalek eskainiko du ikastaroa, euskaraz, maiatzaren 9 eta 14an, 15:30etik 19:30era. Tailerra itsas pasealekuan dagoen ikastaro gelan izango da eta gutxienez 8 pertsonak hartuko dute parte eta gehienez, 20 lagun arituko dira ikastaroan parte hartzen. Matrikula 10 eurokoa izango da.

Ikastaroetan parte hartzeko interesa dutenek maiatzaren 6ra arte izango dute izena emateko epea zabalik, e-posta bidez, prebentzioa@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz. Plazak mugatuak direnez, zozketa egingo da izena eman dutenen artean eta Zarautzen bizi diren pertsonek lehentasuna izango dute. Era berean, ikastaroa egiteko gutxieneko pertsona kopuru bat egon beharko du izena emanda, eta, hala ez balitz, ikastaroa bertan behera geldituko litzateke. Informazio gehiago, https://prebentzioa.wordpress.com/ongizate-fisikoa-eta-emozionala-sustatzeko-tailerrak/ web orrian eskuratu daiteke edo, nahiago duenak, 943 005127 telefono zenbakira deitu dezake.

Tailerrez gain, Udalak Zarauzko Osasun Zentroarekin elkarlanean antolatutako hitzaldia izango da maiatzaren 7an: Norbere burua zaintzen ikasi. Zauriak, erredurak, kolpeak, ziztadak, hozkadak eta botikina. Henar Lobo eta Libe Aizpurua erizainak izango dira hizlariak eta 10:00etatik 12:00etara gaztelaniaz eskainiko dute eta 17:30etik 19:30era, euskaraz. Hitzaldia Etxezabalan izango da. Parte hartu nahi duenak Zarauzko Osasun Zentrora deitu beharko du izena emateko, 943 007 999.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios