Neguetxearen aldeko elkartea sortu da herrian, Geriza izena daramana

Urtarrilean eman zuen jakitera Udalak aurten ez dutela zerbitzu hau irekiko | 'Inor ez aterperik gabe' lelopean, Neguetxea berriz irekitzeko borrokan jarraituko dutela diote

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZARAUTZ.

Zarauzko Neguetxearen aldeko elkarte bat sortu da herrian, Geriza izenarekin. Urtarrilaren erdialdera jakin zuten Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunaren ahotik aurten ez zutela Neguetxea irekiko Monte Albertia ondoko Etxe Txikian. Aurreko urteetan urtero azarotik martxora irekitzen zuten etxegabeek lotarako aterpe bat izan zezaten, eta aurten ez zela irekiko.

Egoera horrek larrituta, herritar talde bat bilera irekiak egiten hasi ziren astero. «Aurrena, Udalarekin harremanetan jartzen saiatu ginen, Neguetxea irekitzeko eskaera formal baten bidez. Harritzen ez bagaitu ere, ez dugu inolako erantzunik jaso gaur arte. Guk, utzikeria horren aurrean, bideari ekin genion geure kasa». Honela, larunbatero kontzentrazioak egin dituzte udaletxe aurrean eta astero bilerak egiten jarraitu dute.

Prentsaurrean esan zutenez, «larunbatean izan genuen aurrenekoz Udalaren berri gai honi dagokionez: dozena erdi ertzain agertu zitzaizkigun kontzentrazioaren orduan, eta bi pertsona identifikatu zituzten mehatxupean. Gero, egun osoan zehar izan genituen jarraika. Horrek, gure ustez, argi erakutsi du Udalak ez duela utziko Neguetxeari buruzko eztabaida publikoki eman dadin. Aurreko bost asteetan egindako kontzentrazio eta ekintzetan ez da horrelakorik gertatu, baina herritarrengan kontzientzia eta inplikaziorako beharra zabaltzen hasi bezain laster, errepresioaren bidez isilarazten saiatu dira. Jaso dugu zuen mezua: ez da Neguetxea ez duzuela ireki nahi, indarrez mantendu nahi duzue itxita», zioten.

Aldundiak urtero utzi izan dio Zarauzko Udalari Etxe Txikia zerbitzu horretarako

«Nola defendatuko duzue zuen jarrera errepresioaren bidez ez bada? Zuen postal-herri honen atzean ezkutatzen da errealitatearen gordina: hogeita hamar oheko etxe bat itxiz, hogeita hamar pertsona gehiago kale gorrira kondenatu dituzue. Bestalde, makina bat etxe huts ere badaude Zarautzen, baina errentagarriagoa da horiek erabili beharrean, etengabe berriak eraikitzea. Errentagarria eta produktiboa ez dena, aldiz, gutxietsia eta alboratua da. Hori da etxegabeen egoera. Hau da sistema kapitalista», azpimarratu dute.

Gerizaren ustez, Neguetxearekin gertatu denaz gain, sistematikoa da etxegabeen aurkako etengabeko jazarpena: «Leku publikoetatik botatzen dituzte, duten apur-apurra kentzen diete eta bizitzeko era guztietako zailtasunak jartzen dizkiete», nabarmendu dute. Hala, elkartetik dei egiten dute «hemendik aurrerakoetan ere parte hartzera. Hau ez da hemen bukatu, borrokan jarraituko dugu. Inor ez aterperik gabe! Neguetxea ireki».

Etxe Txikian

Etxerik ez dutenentzat aterpea zabaldu izan dute azken urteetan Monte Albertia ondoko Etxe Txikian, neguan gaua bertan pasatu ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero utzi izan dio Zarauzko Udalari Etxe Txikia horretarako. Toki hori Monte Albertia ikastetxekoek erabiltzeko izango da aurrerantzean, ordea. Gloria Vazquez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuenez, zailtasunak egon ziren zerbitzu hau emateko toki egokia aurkitzeko denon artean, baina konponbide bat bilatzeko konpromisoa agertu zuen.