Motxila 21 taldearen kontzertua bihar Munoan

Aurkezpena. Musika Eskolan Leunda, Letamendia eta Lertxundik egin zuten. / ARGAZKIAK AMAXKAR
Aurkezpena. Musika Eskolan Leunda, Letamendia eta Lertxundik egin zuten. / ARGAZKIAK AMAXKAR

Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleekin batera arituko dira | Down sindromea duten zenbait gaztek osatutako taldearen saioa arratsaldeko zazpietan hasiko da eta doan izango da

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Zarauzko Dibertsitate Funtzionalaren Mahaiaren 'Ohikoa da' kanpainaren barruan antolatu dute emanaldi bat bihar arratsalderako Munoako karpan. Bertan izango dira Motxila 21 eta Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleak. Down sindromea duten zenbait gaztek osatutako taldea da Motxila 21 eta denen saioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta doan izango da.

Zarauzko Dibertsitate Funtzionalaren Mahaiak iaz jarri zuen martxan Ohikoa da kanpaina, Zarautzen dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioa lantzeko asmoarekin. Miren Letamendia Osasun eta Hirugarren Adineko zinegotziak gogoratu zuen aurkezpenean bere helburua «Zarautzen dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioa lantzea dela. Horretarako, beharrezkoa ikusten dugu dibertsitate funtzionala komunitate esparru guztietan zeharka lantzea, hala nola, aisialdian, kulturan, kirolean eta osasunean. Benetako inklusioa lortu nahi dugu».

Ohikoa da kanpainaren barruan antolatutako lehen egitasmoak kirola izan zuen ardatz. Bideo bat argitaratu zuten, non dibertsitate funtzionala duten herriko bi gazte agertzen ziren Frontoi Txikin palan jokatzen. Orain bigarren egitasmoa aurkeztu dute, musikaren arloan mugituko dena, Motxila 21 taldeko kideen biharko kontzertua. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Munoako karpan. Oholtza gainera lehendabizi Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleak igoko dira eta parte hartze berezia izango dute dibertsitate funtzionala duten haurrek. Marina Lertxundi Musika Eskolako zuzendariaren esanetan, «ikasleak oso pozik zeuden proposamena egin genien unetik telonero izatea azaldu beharra izan bagenien ere. Musikaren bitartez arlo asko jorratu daitezke eta biharkoa beste bat izango da, saio oso polita izan daiteke eta herritarrak gonbidatzen ditugu bertaratzera». Ikasleen saioa amaitzen denean etorriko da Motxika 21 taldearen emanaldia.

Musika Eskolaren asmoa hasiera-hasieratik guztiek musikaz gozatu ahal izatea izan da eta Motxila 21 proiektuaren helburua ere hori izan da. «Guztiok izan behar dugu musikaz eta musikarekin gozatzeko aukera, eta guztiok esaten dugunean, benetan guztiok izan behar dugu, zailtasun desberdinak dituzten pertsonak barne», adierazi zuen Marinak.

Duela 15 urte inguru sortu zuten Motxila 21 proiektua, «musikaz gozatzeko eta zailtasunei aurre egiteko helburuarekin», Amaia Leunda Gizarte Zerbitzuetako teknikariak gogoratu zuen bezala. Down sindromea duten zenbait gaztek eta hainbat boluntariok osatutako taldea da, «musikaz gozatu nahi izatea da guztiek amankomunean dutena, eta rock zale sutsuak dira guztiak». Leundaren ustez, «inklusioa eta harremanen garrantzia lantzen dituzte musikaren bidez». Emanaldi ikusgarria izango da benetan eta sarrerarik gabe, beraz animatu eta azaldu Munoako karpara.