Marearteko bizidunak, Zumaiako Itzurun hondartzara irteera Arkamurkaren eskutik

Kartela./
Kartela.

ZARAUTZ.

Urteko sasoi honetan ohikoa bihurtu den bezala, aurten ere rasa edo marearteko irteera antolatuko dute Arakamurka Natura Elkarteko kideak. Maiatzak 19an, datorren igandean, egingo dute irteera hau. Marea biziak dira eta marearteko putzuetan aurkitzen diren bizidunak aztertuko dituzte bertaratzen direnak.

Jende guztientzako irekia dagoen ekintza bat da. Umeekin egiten den antzekoa egingo dute, bizidunak aurkitu, balde baten sartu eta alde egin aurretik berriro askatu.

Ondorengoa izango da proposamena: Marea behea goizeko 11:4etan izango da eta 0.5ko marearekin. Garbi dago mareak jartzen duela ordua, beraz , Zumaiako Itzurungo hondartzaren gainean 9:30ean elkartuko dira. Behar diren tresnak antolaketaren esku izango dira. Oso inportantea da gogoa jartzea ikasteko. Lehen aldia bada eraman bustitzeko oinetakoak eta eguzkiarentzako krema edo bisera bat ere komenigarria izaten dira.

Animaliatxoak aurkitzeko teknikak eta beste azalpenak bertan emango dira. Joan nahi duenak posta elektroniko honetara jo dezake aleiza1@hotmail.com edo telefono zenbaki honetara deitu, 655722399 (Aitor). Larunbat eguerdia baino lehen erantzun eta 20 pertsonako muga jarriko du antolakuntzak, beraz interesatuek erne ibili beharko dute izena emateko.

Natur dokumentalak

Bestalde, gogoratu Arkamurka natura elkarteak 50 urte betetzen dituela aurten eta horren inguruan naturari buruzko dokumental sorta eskaintzen ari direla. Hurrengoa maiatzak 28an izango da, 'Lurraren bidean:Euskal Herriko arroketan idatzitako historia' izenburua daramana. «Arrokak, badirudi betidanik egon direla hemen eta betirako egongo direla, aldaezin. Euskal Herriko bazterrek hamaika forma ezberdin izan dituzte milioika urteetan zehar eta haitz hauek etengabe bertan errotu dira», hemendik abiatuta saio benetan interesgarria proposatzen dute.