Maite Pardina La Salle ikastetxeko zuzendaritzan estreinatu da

Aldaketa. Maite Pardinak Aran Lertxundiren lekukoa hartzen du La Salleko zuzendari modura. /  ETXEBERRIA
Aldaketa. Maite Pardinak Aran Lertxundiren lekukoa hartzen du La Salleko zuzendari modura. / ETXEBERRIA

Zazpi ikasturteetan karguan egon de Aran Lertxundi ordezkatuko du

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Zarauzko La Sallek zuzendari berria du ikasturte honetan. Zazpi urtez lan horretan jardun den Aran Lertxundi Manterolaren eskutik jaso du lekukoa Maite Pardina Larrartek. Urte hauek guztiak elkarrekin eman dituzte, eta dagoeneko biek ederki asko ezagutzen dituzte ikastetxearen nondik norako guztiak, bai desira eta baita erronkak ere

Aranek 7 ikasturte egin ditu Ikastetxeko zuzendari gisa. Dena den, dioen bezala, «aurretik ere zuzendaritzako kide izana nintzen, Manoloren garaietan hasi eta Joseanen zenbait urtetan koordinazio lanak burutuz... Ardurak hartzeko beldurrik ez izatea da gakoa nik uste... Beti ezin asmatuko duzu, baina, halere, ingurukoek zure onena ematen saiatzen zarela badakite, gauzak ez dira zailegi suertatzen. Talde polita izan dut beti alboan, eta horrek gauzak errazten dituela aitortu behar dut. Inoiz ez naiz zeregin hauetan bakarrik sentitu, eta zama ikaragarri arintzen du horrek».

Maite berriz, orientazio mundutik dator eta erronka berrirako prest agertzen da. «Lehendik ere ikastetxeko orientatzaile gisa, zuzendaritzako partaide banaiz. Eguneroko lanak ez dit izurik sortzen, eta ardura berria izan arren, lana antzekoa izango delakoan nago, nahiz eta, egia, zenbait erabaki hartu behar izateak beldur pixka bat ematen didala aitortu behar. Gaur arte, nire egunerokoan aniztasunari erantzuten saiatu naiz, ikasleari eta bere beharrei laguntza eskaintzen, behar denean baita ikastetxez kanpoko zerbitzuekin elkarlanean ere (Gizarte zerbitzuak, Osakidetza, beste ikastetxeak... uste baino luzeago joko luke zerrendak). Beste alor batzuk ere ezagutzea egokituko zaidalakoan nago».

«Irakasleok egunero trebatzen jarraitu behar dugu, eguneratzen»

Aukeraketa prozesua nola izan den galdetzerakoan, zuzendariaren profila definitzeko klaustro bat egin, eta hartatik abiatuta, La Salle sareko animatzaileak lanean hasi ziren, batzuekin eta besteekin elkarrizketak antolatuz... «Pentsa daitekeena baino errazago joan da guztia, nahiko azkar eta eroso. Ikastetxea gurasoena bada ere, alor pedagogikoa La Salle sareak bidera dezan erabakia dute aspalditik, eta Maiteren izena aipatu zenean, pozik hartu zuten berria. Zuzendaritza berriak aurrekoarekiko haustura baino gehiago, jarraipen polita emango diola sinistuta gaude».

Lehen emakume zuzendaria

La Sallen, 1967an lehen emakumezko ikaslea, lehen andereñoa 1972 urtean... eta 2018an lehen emakumezko zuzendaria... Urte gehitxo agian, baina Maitek azaltzen duenez, «izatez La Salle anaiena gizonezkoen instituzioa da, irakasleak haiekin batera lanean hasi ginen arte; Axun Elorza zestoarra izan zen gurean lehen andereñoa. Duela gutxi anaiek Zarauzko etxea utzi zuten, dagoeneko ez dira bertan bizi, eta irakaslerian emakume gehiago gara gizonezkoak baino. Halako batean, niri egokitu zait. Gizartea aldatzen ari da, eta baita gu ere, egokituz edo».

Eskola ere gizartearekin aldatzen ari da. Aranen ustez, zalantzarik ez dago. «Irakasleok egunero treba-tzen jarraitu behar dugu, eguneratzen, proiektu berriekin profesionaltasunez ausartzen... Egunerokotasuna erronka bilakatu zaigu, denbora laburrean berri zena zaharkitzen baita. Eta muinak, azal berria eskatzen du, etengabeko berriztatzea, teknologia berriei erantzunez, eta ikastetxeko esparruak molde berrietara egokituz. Gauza asko kudeatzen asmatu behar da».

Maiteren esanetan, «laguntza behar duten ikasleen erreferente gisa gaude hainbatentzat. Ardura mardula da hori, baina baita gauzak ongi egiten ditugula pentsatzen dutenen errekonozimendu moduko bat ere, eta horri eustea erronka polita da. Iparra non dugun jakinik, bidea errazago egiten da, eta Aran bidelagun dugunez, ez da katerik hausten». Amaitzen duten bezala, «ea asmatzen dugun!».

 

Fotos

Vídeos