Maiatzean Aritzbatalde kiroldegian fitness tailerrak egingo dituzte apirilean egindakoei jarraipena emanaz

J. M. ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Apirilean antolatutako tailerrek izandako arrakasta ikusita, maiatzean ere fitnessen tailer ezberdinak izango dira Aritzbatalde kiroldegian.

Datozen asteetan tailer ezberdinak izango dira eta hauek oraingoz prestatu direnak. Maiatzak 7 (18:30ean) eta 13an (9:00etan): TRX tailerra. Suspentsioan egiten den entrenamendua, gorputzaren pisua erabiliz indarra, oreka, koordinazioa eta abar lantzen dira.

Maiatzaren 10ean (17:15ean): entrenamendu funtzionala. Egunerokotasunean balioko diguten mugimendu eta ariketetan oinarritutako entrenamendua. Saioak beti ezberdinak izan ohi dira, horregatik oso dibertigarriak dira entrenamendu hauek.

Maiatzak 23an (9:30ean): bizkar osasuntsua. Bulegoan eserita, sofan, ikastetxeetan, lanean jarrera ez egokietan... pasatzen ditugu orduak eta orduak egunero. Gure bizkarrak pairatzen ditu jarrera desegoki horiek, lunbar aldean batez ere. Bizkarra indartu, orekatu eta tonifikatzeko badago modua: jarduera fisikoa.

Maiatzak 29an (10:30ean): pektoral entrenamendua. Bularraldeko gihar taldea lantzera zuzendutako tailerra. Konkretuki muskulu talde hau indartu, landu eta tonifikatuko da.

Gogoratu doako zerbitzua dela bazkideentzat edo eguneko sarrera ordaintzen dutenentzat. Harreran izena eman beharko da, plazak mugatuak baitira zenbait tailerretan. Iraupena 30 minutu ingurukoa izango dute tailerrak.