Lizardiko 17 ikasle Alemanian, kultura elkartrukean

Besteak beste, ikasleek izotz gaineko irristaketa egiteko aukera izan dute. /  DV
Besteak beste, ikasleek izotz gaineko irristaketa egiteko aukera izan dute. / DV

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Lizardi institutuko ildo estrategikoetako bat da eleaniztasuna bermatzea. Igone Azpiroz, Institutuko zuzendariak dioen bezala, «ikasleen hizkuntza komunikazio konpetentzia garatu eta hobetzea da gure helburuetako bat eta, euskara ardatz izanik, eleaniztasuna bideragarria egitea. Horri erantzuten dio duela bost urte abian jarri genuen alemana ikasteko aukera eta duela bi Alemaniarekin hasitako harremana eta elkartrukea, Augsburgeko Peutinger-Gymnasiumekin hain zuzen ere».

Aste oso honetan, otsailaren 9tik 16ra arte, Lizardi Institutuko 17 ikasle Augsburgen daude kultura elkartrukean. «Bi ikastetxeetako arduradunen artean prestatu dugu egitaraua ikasleen hizkuntza konpetentzia aberastu eta maila pertsonalean garatzeko aukera eman nahian gure ikasleei». Familietan pasatzen ari dira astea hizkuntza aberaztuz eta beraien bizitzeko eran eta kulturan integratuz. Zuzendaritzak harrera atsegina eskaini diete, ohikoa den moduan. Une egokia izaten da hau hartu-emanetarako eta etorkizunerako ditugun erronkak partekatzeko.

Institutuan zenbait eskola ordu egin dituzte dagoeneko ikasleek (alemana, musika, ingelesa, ...). «Diziplina edo ikasgai mailako ikasketa izateaz gain, esperientzia aberasgarria izan delakoan gaude, irakasle-ikasle arteko harremanak, araudiak, ohiturak, eta beste hainbat errealitate bizi eta alderatzeko aukera izan baitute», dio Igonek. Astean zehar bisita ugari egiten ari dira, hainbatetan kide alemanekin batera: Augsburg, München eta Nördlingen, beraien historia eta ondarea ezagutuz; Harburg gaztelua; Krater Museuma, Fugger-Welser-Museuma eta Deutsches Museuma; Fuggerei auzoa ikusteaz gain, bere jatorriaren eta zergatiaren berri izango dute; Augsburgeko erromatar-aztarnategia ezagutuko dute; izotz irristaketa edo igeriketa egiteko aukera ere gazte euskaldunek eta alemanek elkarrekin.

Institutuko ikasleak oso gustora daude familietan, oso aberasgarria dela diote. Alemaniarrak apirilaren amaieran etorriko dira Zarautzera, hemengo familietara.