Kontxako badian ere Enbata nagusi KAE-1 Ligako 6. garaipena lortuz

Kaiarriba Bandera. Denboraldiko seigarrena Aitzol Garro patroiaren eskuetan arraunlarien poza eta jarraitzaileena piztuz, Kontxako arraun eremuan onenak izan dira. /  AMAXKAR
Kaiarriba Bandera. Denboraldiko seigarrena Aitzol Garro patroiaren eskuetan arraunlarien poza eta jarraitzaileena piztuz, Kontxako arraun eremuan onenak izan dira. / AMAXKAR

Beñat Eizagirrek lanean jarraitzeko asmoa adierazi zuen irabazi ondoren | Kaiarriba Bandera zegoen jokoan atzo goizean Donostian eta zarauztarrak ez zuten huts egin

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Zazpitik sei bandera eta azkena txoko berezi batean gainera, Kontxako badian, lortu zuten atzo Enbatako arraunlariek. Azken txanda hasi aurretik bazekiten zarauztarrek Getariak denbora ona egin zuela baina euren lehen helburua txanda nagusian bizkorrenak izatea izan zen.

Hasieratik aurrea hartu eta borroka Getariaren denbora hobetzera mugatu zen eta baita lortu ere. Helmugan Esperantza sailkatuko zen bigarren, Deustu hirugarren eta Zumaia laugarren. Horrek sailkapen nagusian bigarrenari tartea handitzea suposatu zuen, orain 70 dituzte Gari Urangaren mutilek eta atzetik Deustu (64), Donostiarra (52) eta San Juan (48) daude.

X. Kaiarriba Bandera Aguas de Alzola irabazi zuten arraunlarien zerrenda hau izan zen: Beñat Eizagirre, Ion Jauregi, Oinatz Arretxe, Manex Otaegi, Igor Gurutxarri, Gorka Imaz, Garikoitz Uranga, Xabier Ormazabal, Joanes Elizondo, Iñigo Galdos, Aitor Jauregi, Imanol Eizagirre eta Martin Rekondo, Aitzol Garro patroi zeramatela.

Proela pozik

Enbatako proela pozik zegoen Donostiako portuan saioa amaitu berritan. Zarauztarrak gaztea izan arren eskarmentu handia du arraun munduan eta aurtengo denboraldiak aurretik egindako lanak ordaintzen dituela garbi dauka.

Besarkadak, aurpegi alaiak, lagunarte ona, bandera, dena daukate une pozgarri honetan baina uretan lana gogor egin behar izaten da emaitzak lortu ahal izateko eta horretan dabiltza zarauztarrak.

Beñat Eizagirrek honela bizi izan zuen estropada Kontxako badian, «gogorra» izan dena bere hitzetan. «Ikusi dugu bigarren txandan Getariak erraz irabazi duela eta txanda nagusia hasterakoan haizea ere goraka zihoala, beraz garbi zegoen bandera garesti egongo zela. Hasieratik aurrea hartu diogu txandari, adimenez joan gara eta posible ikusten zen garaipena lortzea. Ontzi barnean ez geneukan erreferentziarik, baina arraunean gustura joan gara, txanda ondo dominatu dugu eta gero garaipena lortu dugula ikustean poza ikaragarria».

Azken estropadetan irteera indartsua egiten ari dira Enbatako mutilak, «liga hasierako estropadetan ez genuen horrela jokatzen, erdi bidea egin arte besteekin batera joaten ginen baina azkenengoetan egia esan oso ondo ateratzen ari gara, burua azkar hartu eta abantaila horrekin aurrera egiten dugu. Hasierako txanpa ona daukagu bai».

Beñatek berak adierazi zuen ontzian erreferentziarik ez zeukatela eta hori onerako edo txarrerako den galdetzean, «estropada bakoitza mundu bat da eta talde gaztea garenez, erreferentziak ezagututa burua galtzeko arriskua dago, zoratzeko, eta horregatik gu gurea egitera joaten gara, gure arraunketa, eta gero emaitza ezagutzen dugu. Zorionez ondo ateratzen ari zaigu», aipatu zuen.

Zazpitik sei, emaitza hau ametsetan ere ez da erraza egitea eta Eizagirreren taldeak ez zuen horrela ikusten denboraldiaren hasieran. «Hastear zegoenean komentatzen genuen bandera bat irabazten badugu ona izango zela. Eta orain zazpitik sei etxera ekarrita ametsetan gaude. Nik uste hau inork ez zuela espero eta noski ratxa honi jarraipena ematen saiatuko gara, ea noraino heltzen garen», azaldu zuen.

Zarauztarren proelak borroka oraindik gogorra izango dela kontsideratzen du eta hasi aurretik «lau edo bost traineru egongo ginela goian borrokan eta garbi geneukan ahal den neurrian hutsik ez egitea eta nahiz bandera irabazi ez, atzera asko ez egitea, puntu asko galtzen dira eta horrelakoetan, Arkote edo San Juaneri gertatu zaien bezala. Nahiko erregularrak izaten ari gara».

Bai eta emaitza okerrena San Pelaio jaien ondoren izan: «Baionan bagenekien ibaian estropada gogorra izango zela, potentzi gehiegirik ez daukagu eta beste batzuek aurrea hartzeko aukera izango zutela. Lan ona egin genuen eta konforme atera ginen hirugarren amaituta».

Zarauzko estropadarako ez dituzte indarrak gordeko, «hemen estropada denetan dena eman behar da, despistatu eta atzera joaten zara eta puntu baliotsuak galdu. Beti gure maila onena ematen jarraitu behar dugu».

Beñat Eizagirrek oso gustora ikusten da proel moduan, non txikitatik badarama lau urte traineruaren buruan. «Asko gustatzen zaidan postua da eta badirudi emaitzak ateratzen direla, beraz pozik». Badute arrazoirik Beñat Eizagirrek eta bere taldekide guztiek pozik egoteko emaitza hauekin.