Kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea, zabalik

Libiana Taboada eta Leire Arana, nobedadeak aurkezten. / ETXEBERRIA
Libiana Taboada eta Leire Arana, nobedadeak aurkezten. / ETXEBERRIA

Abuztuak 31a bitartean apuntatu daitezke haurrak, gazteak eta helduak

ANTXON ETXEBERRIAZARAUTZ.

Abuztuak 31a bitartean 2019-2020 ikasturteko Aritzbatalde kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago, haur, gazte zein helduentzat. Helduen ikastaroetan parte hartzeko 16 urte beteta izan beharko dira ikastaroa hasten denerako. Helduen ikastaroetako plazen zozketa irailak 2an egingo da, eta emaitzak hurrengo egunean, irailak 3an argitaratuko dira, Zarauzko Udaleko web orrialdean eta kiroldegiko harrerako informazio-panelean. Helduen ikastaroak irailaren 16an hasiko dira. Haur eta gazteen izena emateko azken eguna irailaren 14a izango da, eta zozketaren emaitzak irailak 18an, asteazkena argitaratuko dira, helduekin bezalaxe, udaleko web orrian eta kiroldegiko harrerako informazio panelean. 16 urtetik beherakoen ikastaroak irailak 30ean hasiko dira, eta urtero bezela, gabonetan eta aste santuetan etenaldia izango dute, eskolako egutegiarekin batera.

2018-2019 ikasturteari buruz BPX-eko koordinatzailea den Libiana Taboadak oso balorazio positiboa egiten du. «104 ikastaro egon dira, iazko denboraldian baina 10 ikastaro gehiago, eta 1.375 ikasle. Pasa den denboraldian gaztetxoengan zentratu genituen indarrak: horren eredu gaztefit edo udarako Kirol Txokoak, adibidez.Datorren ikasturterako, ikastaro kopurua hazi egin da: ikastaroak 104tik 114ra igo dira, eta talde berri horiei esker 138 plaza gehiago egongo dira ikastaroetan. Honek Aritzbataldeko eskaintzaren %10ko igoera suposatzen du». Hala, 2019-2020 ikasturtean 10.000 ordu jarduera fisiko izango dira, 60 urtetik gorako eskaintzan eta haur igeriketakoan ardaztuko direlarik bereziki esfortzuak.

Bestalde, jakinarazten da udan Aritzbataldeko 1. solairuan dagoen tatamia bazkideentzat irekita dagoela, meditazio gela gisa.

Leire Arana zinegotziak kiroldegirako hobekuntzak egiteko lanean dabiltzala aurreratu zuen. «Eskaintzen ditugun ikastaro eta kirol jardueretan aldaketa batzuk egin ditugu azken urteotan eta aurtengorako ere berrikuntza gehiago ditugu». Informazio gehiago, harreran.