Kilometroak 2019ak badu bere kanta

Musika plazan. Jendetza bildu zen eta denak dantzan jarri zituen koreografia alaiak. Harrera ona izan du abestiak / AMAXKAR
Musika plazan. Jendetza bildu zen eta denak dantzan jarri zituen koreografia alaiak. Harrera ona izan du abestiak / AMAXKAR

Gutasuna eta alaitasuna aldarrikatu nahi dituen abesti dantzagarri eta ibiltaria da | Kilometroak.eus webgunean entzun daiteke, baita bideoa ikusi ere

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Harrera ezin hobea izan du Kilometroak 2019ko abestiak. Koreografia alai batez lagunduta, Zarauzko plaza dantzan jarri zuten joan den ostiralean swing doinuekin. Aurkezpeneko ikuskizunean, azken unera arte eutsi zioten Ni-k, Hi-k eta Hura-k, mamorruek, kantari. Batukada feminista lagun, kantaren nondik norakoak aletzen joan ziren azkenean abestia entzungai jarri eta koreografiaren laguntzarekin plaza guztia dantzan jarri zuten arte. Bideokliparen emanaldia ere ez zen gutxiagorako izan. Konfeti eta serpentinekin amaitu zen aurkezpena, jaiak aurrera egin bazuen ere.

Kilometroak 2019ko abestia definitzeko hitz bakar bat aukeratzekotan, 'gurea' izango litzateke hitz hori. Hala azaldu zuten antolatzaileek. Hain zuzen, 'Ni, Hi, Hura... ikastola mundura!' da aurtengo leloa, eta horren baitan dagoen gu edo talde-izaera agerian jartzen du abestiak. Izan ere, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako kideek elkarlanean egin dute prozesu guztia, abestiaren hitzekin hasi eta bideoa grabatzeraino.

Nahikari Gabilondo Mendizabal ikastolako ikasle-ohiak eta bi ikasleren amek sortu dute hitza, eta horixe nabarmendu dute, «ikastolak oinarri, euskarri eta etorkizun herria duela azpimarratu nahi izan dugu; horma eta logoetatik haragoko zerbait garela. Gu gara, eta hala sentitzen dugun guztiok gaude gu horretan. Ez genuen nahi abesti hau 2019ko Kilometroetan hasi eta bukatuko zen zerbait izatea, eta gerora ere mezu hori gogoratzen lagundu diezagun eman diogu forma hori».

Garbi zuten doinuak dantzagarria, alaia eta ibiltaria izan behar zuela, eta, aldi berean, ihes egin nahi zioten ohikoari. Hala azaldu zuen Hodei Esteban Pertusak, ikastolako irakasleak eta doinua proposatu zuenak: «errepika leloan oinarrituta egongo zela jakinda, zerbait oso saltaria ateratzen zitzaidan, swinga edo Balkanetako musika... Txaranga batekin kalean jotzeko moduko doinuak dira, gainera, eta, bide batez, kanpokoa gure egiteko aukera ere ematen digute. Azkenean, jatorrizko swingaren alde egin genuen, eta moldaketan eta interpretazioan ikastolako komunitateko kide ugariren parte-hartzea bilatu dugu».

Aipatzekoa da, Kilometroak Zarautzen egin ziren aurreko bi aldietan bezala, oraingoan ere ikastolako haurrek abesten dutela kanta. Grabaketa eta bideoa ere ikastolaren inguruko kideek egin dute. Hasieratik bukaerara gutasunak agindu du, beraz. Abestia eta bideoklipa ikus eta entzuteko jo www.kilometroak.eus weborrira.