Kalerkik 25 urte betetzen ditu aurtengo edizioan

Kalerki 2018. Partaide eta antolatzaileak pozik azaldu ziren topaketaren 25. urteurrena ospatzen den honetan. / AMAXKAR
Kalerki 2018. Partaide eta antolatzaileak pozik azaldu ziren topaketaren 25. urteurrena ospatzen den honetan. / AMAXKAR

Emanaldi ugari izango ditu hilaren 4a eta 8a bitartean

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Uztailaren etorrerarekin batera, Zarauzko kaleak antzerki, dantza eta musikaz beteko dira, urtero bezala, 'Kalerki' Zarauzko Kale Antzerki Topaketarekin. Aurten, Kalerkik 25 urte beteko ditu eta, urteurrenaren harira, Udaletik egitarau berezia prestatu dute, Nekane Iribar Kultura zinegotziak aurkezpenean gogoratu zuen bezala, «aurten urte berezia dugu. 25 urte beteko ditu Kalerkik. Duela 25 urte Alproja taldeko kide batzuk martxan jarri zuten ekimen hau eta denbora honetan emanaldi ugari ikusteko aukera izan dugu herriko kaleetan. Udaletik lehen egunean talde honek jarri zuen ilusio berarekin jarraitzen dugu, urtez urte, Kalerki antolatzen. Publikoaren parte hartzea sustatu eta interesa pizten duten emanaldiak ekartzen saiatzen gara eta, aurten, 25 urte betetzen direnez, egitarau berezia prestatu dugu».

Iribarrek aurreratu duenez, aurtengo Kalerkik berezitasun ugari ditu. «Alde batetik, aurten inoiz baino egun gehiago luzatuko da Kalerki. Uztailaren 4ean hasi eta uztailaren 8ra bitartean, bost egunez, Zarauzko kaleak antzerki, dantza eta musikaz beteko dira. Eta beste alde batetik, Udaletik ekoitzi dugun antzezlan berria aurkeztuko dugu, 'A Lurpean'. Lan handia egin dugu antzezlan hau prestatzeko eta ilusio handiz aurkeztu nahi diegu antzezlan hau zarauztarrei. Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean, hainbat zarauztarrek antzeztuko dute lana, eta, hauen artean, Kalerkiren sustatzaileak izan ziren Alproja taldeko sei kide ere izango dira».

Bestalde, Kultura saileko teknikariak, Olatz Azkuek, aurtengo egitaraua bost egun iraungo duen bankete bat dela adierazi zuen, «banketea asteazkenean hasiko da, uztailaren 4ean. Egun honetan hiru pintxoko aperitiboa hartuko genuke, Oxido umore garratza islatzen duen hiru obra txikiekin. Ostegunean, uztailak 5, lehenengo platerrak eskainiko ditugu, aukeratzeko, edo nahi duenak, plater guztiak jateko. 'Trapu zaharrak' antzezlana, 'Baldin bada' akrobazia eta musika saioa, eta hirugarren aukera, dantza garaikideko bi emakumezko talderen dantza obrak, 'Revolución' eta 'Mulïer'. Ostiralean bigarren platerra eskainiko dugu: 'Transhumancia', haurrentzat antzezlan ibiltaria, 'Kale Gorrian', etxegabetzeei buruko humorezko antzezlana, 'El mundo por montera' musika emanaldia...».

Larunbatean «hirugarren platerra etorriko da eta egun potentea izango da. Uztailaren 7an, 'Dira dira zezenak dira' zezen puzgarrien entzierroa ez da faltako, etxeko txikientzat; 'Chef Nature' estreinatu berri den antzezlana ikusteko aukera izango da; 'Erraia', alanbre gaineko dantza ikusgarria; 'Music On Cycles' Kataluniatik datozen Funky taldeak kaleak alaituko ditu eta, eguna amaitzeko, 'Entre Cuatro Tiempos' dantza bertikalaren ikuskizuna. Kalerkiri amaiera emateko, postrea izango dugu uztailaren 8an: Udaletik, Amancay Gaztañagarekin elkarlanean ekoitzi dugun 'A Lurpean' antzezlana».

'A lurpean', ekoizpen berria

Aurtengo Kalerkin zarauztarrek ere presentzia izango dutela azpimarratu zuen kultura saileko tenikariak. «Alde batetik, ostegun gauean Revolución dantza pieza eskainiko duen Anezka taldekideetako bat zarauztarra dugu, Maddi Argibe dantzaria. Eta, beste alde batetik, Zarauzko Udaletik landu dugun antzezlan ekoizpen berrian, 'A Lurpean' izenekoan, sei aktore zarauztarrek hartuko dute parte Amancay Gaztañaga zestoarraren zuzendaritzapean: Ainhoa Alberdi, Ander Iruretagoiena, Beñat Aristi, Iraia Elias, Koldo Arakistain eta Patxi Santamaria. Gainera, antzezlan honetan, Nere Izeta zarauztarrak jantziak diseinatu ditu eta Joel Crespok argien sekuentzia prestatu du».

Antzezlana uztailaren 7an eta 8an ikusteko aukera izango da, 23:00etan Arrosategiko parkean. Gainera, espazioa mugatua denez, bertara sartzeko aurrez sarrera eskuratu beharko da, doan, Sanz Enea liburutegian. Pertsona bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu gehienez.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos