Kalerkik ikusmin handia sortzen du

Shakti Olaizola. Frontoi Txikian bere emanaldia bukatzera zihoan unean, ikusle ugariren txaloak jasotzen zituen bitartean. / ARGAZKIAK AMAXKAR
Shakti Olaizola. Frontoi Txikian bere emanaldia bukatzera zihoan unean, ikusle ugariren txaloak jasotzen zituen bitartean. / ARGAZKIAK AMAXKAR

Lehenengo egunetik zarauztarrek gogoz jarraitzen dituzte kale emanaldi guztiak

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Kale Antzerki Topaketak, Kalerkik, urte asko daramatza uztaileko lehen asteetan gure herriko kaleak betetzen. 25. urteurrena ospatzen da aurten eta horrek garbi erakusten du ikusmin handia duen ekimena dela.

Pez Limbo taldeak ekin zion Villa Mundan eta, bertaratutako denak, oso pozik atera ziren antzezlanak eskainitako umore garratzarekin. Ostegunean lau saio izan ziren, ondoko argazkietan islatuta daudenak. Trapu Zaharrak betiko zita izan zuen Lege Zaharren enparantzan eta irribarre ugari atera zituzten bertan bildutako ikusleen artean. Frontoi Txikian, Shakti Olaizolak, nahasketa ekarri zuen, musika, margoketa, akrobaziak,... eta horrekin, emanaldia prestatu zuen. Gauean, eguraldiaren beldur, Gaztelekura eraman ziren iragarritako bi dantza emanaldiak. Lehenengoan, Anezka taldeak 'Revolución' izeneko ikuskizuna ekarri zuen, euren artean, Maddi Argibe dantzari zarauztarra zela. Jarraian, Valentziatik zetorren Maduixa konpainia, akuilu-makuilu gainean zeudela dantza saio bikaina egin zuten bost emakumeek.

Gaur bost saio izango dira: 18:00etan zezen puzgarriak alde zaharreko kaletan; 19:30etan, Markeliñeren 'Chef Nature' Munoan; 20:30etan Frontoi Txikian 'Erraia'; Funky musika gurpil gainean 21:00etan; eta, bukatzeko, dantza bertikala La Glo Dantza taldearekin 22:00etan Villa Manuelan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos