KAE-1 Ligako txapeldun

Etxean nagusi. Zarauzko uretan nagusitasun handiarekin irabazi zuten Enbatako mutilek ehunka zaleren aurrean./AMAXKAR
Etxean nagusi. Zarauzko uretan nagusitasun handiarekin irabazi zuten Enbatako mutilek ehunka zaleren aurrean. / AMAXKAR

Larunbatean etxean irabazita eta igandean Pedreñan hirugarren amaituta lehen postua ziurtatua dute Oraindik azken estropada geratzen den arren Bilbon datorren asteburuan, Enbatarentzat da liga

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Denboraldi ikusgarria darama Enbatak 2019ko uda honetan. KAE-1 Liga amaitzeko oraindik jardunaldi bat geratzen denean, dagoeneko Liga irabazi dute eta TKE Ligara igotzeko Play Offeko txartela eskuan dute.

Asteburu oso berezia zuten Gari Urangaren mutilek pasaberria. Larunbatean etxean lehiatzen zuten eta herritar zaleek garaipena ikusi nahi zuten. Azken hilabeteetan askotan Musika Plazan hartu dituzte banderak herritarrei erakustera etortzen zirenean baina etxeko banderak zaleen aurrean lortu behar zenak xarma berezia zeukan.

Ehunka jarraitzaile urdinen aurrean ez zuten hutsegin. Hasieratik, aurrea hartu eta garaipen lasai lortu zuten. Kanpotik ikusita erraza izan zela ere pentsa daiteke baina barruan gauzak ziur beste era batera ikusten direla eta azken txanpan sartu arte ospatzeko denbora gutxi izango zuten.

Gero etorriko zen harrera jendetsua eta festa giroa, zaleen poza eta urdinez jantzitako kaleak. Baina dena egin gabe zegoen igandean Pedreñan beste estropada zegoen. Zarauztarrek ez zuten atsedenik hartu eta saio bikaina egin zuten. Hirugarren amaitu eta Deustu atzetik utziz, KAE-1 Liga irabazten zuten.

Eta orain zer?

Denboraldia borobiltzeko oraindik aukera ezberdinak dituzte Enbatako arraunlariek. Lehendabizi KAE-1 Liga amaitzeko azken estropada. Larunbatean 11:30ean XLII Villa de Bilbao bandera jarriko da jokoan eta han jasoko dute txapeldunaren bandera. Gero etorriko dira Kontxako banderarako sailkapen estropada eta play offa, TKE Ligara igotzeko egiten dena. Donostiakoa festa giroan hartuko dute, kirol festa eta aukera gehiegirik ez izan arren ahalik eta lan txukunena egitera aterako dira zarauztarrak. Handia litzateke zazpi onenen artean sartzea baina hori ametsa besterik ez da gaur egun. Eta gero etorriko da play offa. Bertan lehiatzeko txartela erraz lortu du Enbatak eta borroka handia egongo da bi egunetan lehiatzen den saio honetan. Nork daki zer gertatuko den.