Judo Klub Lizardik, 20 urteko ibilbidea

Judo Klub Lizardiren 20. urteurrena. Alvaro Mendibe, Iban San Martin, Oier Aranzabal, Jone Irastorza, Nayade Lopez eta Sergio Bello atzo eguerdiko aurkezpenean kiroldegiko kanpokaldean. /  ETXEBERRIA
Judo Klub Lizardiren 20. urteurrena. Alvaro Mendibe, Iban San Martin, Oier Aranzabal, Jone Irastorza, Nayade Lopez eta Sergio Bello atzo eguerdiko aurkezpenean kiroldegiko kanpokaldean. / ETXEBERRIA

Atzo eguerdian aurkeztu zuten urtean zehar ospatuko dituzten ekitaldi desberdinen egitaraua | Kluba osasuntsu dago; egun 300 bat judoka baitabiltza taldean

ANTXON ETXEBERRIA

Judo Klub Lizardik aurten bere 20. urteurrena betetzen du eta hau dela eta, urtean zehar hainbat ekitaldi egingo ditu. Hori guztien aurkezpena atzo goizean kiroldegiko areto nagusian egin zuten Alvaro Mendibe, taldeko arduradun nagusiak eta Oier Aranzabal taldeko kideak, Udaleko Kirol zinegotzia den Iban San Martin eta baita ere Euskadi eta Gipuzkoako judo federazioko lehendakariak diren Sergio Bello eta Jone Irastorza aurkezpenera hurbildu ziren.

Urte berezia dudarik gabe Judo Klub Lizardiarentzat, izan ere Kluba 1999. urtean sortutakoa da, nahiz eta lau urte aurretik kiroldegian lanean hasi talde bat. Atzokoan esan zutenez, «judoaren arte eta balioak ikastea erabaki zuten gazteok (5-13 urte) kirol txapelketa eta ekimen federatuetan parte hartu zezaten atea zabaltzea zen ezarri zen helburu xume bezain garrantzitsua. Horrela, hastapenetako talde hau egonkortu eta etorkizunera begira jarri zen. Pixkanaka, eskola kirolaren baitan antolatutako ekimenetan parte hartzeaz gain, kirolariak ekintza ofizialetan; hala nola, Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketetan parte hartzen hasi ziren. Eta kirolari bakoitzaren erritmo eta nahiei eran- tzunaz».

Denbora igaro ahala, lehen gerriko beltzak iritsi ziren Lizardira. Eta lehen kirol emaitza eta dominak ere bai. Kluba hazten hasi zen eta haurren talde txiki hartatik tekniko eta entrenatzaileen lehen belaunaldia sortu zen: Iñigo Arregi, Ainhoa Berasaluze edo Oier Aranzabal, besteak beste. Judo Klub Lizardik, kirolaren alor guztietara zabaldu eta proiektua ikaragarri sendotzea lortu zuen.

Judoaren lan alor ezberdinetara bideratutako egitura bat sortu zen lehenengoz, kirolari bakoitzaren ezaugarri eta beharrizanei erantzuteko asmotan. Nahieran aukeratu zezan norberak txapelketetara bideratu nahi ote zuen bere pretaketa, teknika ikastera ala aisialdi eta ariketa fisikora soilik. Denetarik egon eta kabitzen baita Lizardin. Ordutik Judo Klub Lizardik 4 sail ditu: haurren judoa, judo egokitua, judo master edo beteranoa eta txapelketara bideratutako judoa.

Kluba zenbakitan

Lau sailak garatzeko sei teknikari kolegiatu ditu; 2 entrenatzaile nazional, 2 entrenatzaile erregional, 2 monitore instruktore eta presta- tzaile fisiko bat. Hauen lanarekin haurren judora bideratutako sei talde, txapelketetara bideratutako talde bat eta Master Judora bideratutako beste bat osatu dira, denera 300 judoka batuz.

20 urte hauetan zehar 40 gerriko beltz baino gehiago hezi dira klubean. Halaber, Espainiar Estatuko txapelketetarako 21 kirolari klasifikatu dira, 6 domina lortuz bertan. 46 domina Euskadiko Txapelketetan eta 68 Gipuzkoako Txapelketetan. Hori gutxi balitz, eskola arteko ekimenetan parte hartzen du Lizardik, kirolari andanarekin.

Aurten, emakumezko kadeteen kategorian, Nayade Lopez sartu da Espainiako Selekzioan, Europako Kopara sailkatuta. Eta Gorka Eizagirre Espainiako sailkapenean lehen postuan gelditu denez, Espainiako Txapelketara sailkatu da junior mailan.

Etorkizunari begira

Klubak senior talde sendo bat sortu eta lehen mailara bideratzeko erronka ederra hartu du. Beste 20 urtez judoaren podiumean jarrai- tzeko. Beste proposamen batzuen artean hauek dira urtean zehar zarauzko kiroldegiarekin elkarlanean antolatuko dituzten ekimenak: Kategoria ezberdinetako kirolari guztiak egun batean elkartzea; argazki erakusketa bat; PatxikuTT (topaketa teknikoa-ren bigarren edizioa), benjamin mailako kirolariei zuzendua; eskola kirolaren baitan jardunaldi bat, infantilak eta alebinak; Euskadi mailako txapelketa ofizial bat...