Irailaren 4ko Trikitilari Gazteen XXXIX. Txapelketarako izen-ematea zabalik

20 urte azpiko bikoteek hilaren 26a arte izango dute izena emateko, Turismo bulegoan

J.M. ZUBIAURREZARAUTZ.

Euskal Astearen baitan Zarauzko Udalak, euskal kulturaren sustapenarekin duen konpromisoarekin jarraituz, urtero antolatzen duen Trikitilari Gazteen Txapelketarako izan emate epea zabaldu. Lehiaketa irailaren 4ean egingo da, 19:00etan, Lege Zaharren enparantzan; euria eginez gero, Modelo Aretoan izango da. Hala, soinujole eta pandero-jotzaile bikote gazteek abuztuaren 26a baino lehenago eman beharko dute izena Zarauzko Turismo bulegoan (Kale Nagusia 30) edo 943 00 51 19 telefonora deituz.

Urtero bezala, txapelketan maila bakarra izango da eta parte-hartzaileek txapelketa gauean 20 urte bete gabe izan beharko dituzte. Adina egiaztatzeko familia liburua edo nortasun agiria aurkeztu beharko dela jakinarazi dute Udaletik. Hala, bikote parte-hartzaileek lau pieza jo beharko dituzte lehiaketan aurrera egiteko: trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Hauetariko piezaren bat norberak sortutakoa bada, izen-ematea egiterako garaian norberak sortutakotako pieza zein den adierazi beharko da eta epaimahaiak baloratu eta kontuan izango du. Gainera, trikitilariek trikitixa eta porrusalda koplaz lagundu beharko dute eta janzkera tradizionalaren ezaugarriak mantendu beharko dituzte.

Bikote parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, txapelketaren hasieran kopurua kontuan izango da eta, honen arabera, epaimahaiak aldez aurretik kanporaketa bat egin ahal izango du. Hau horrela balitz, aurrez jakinaraziko dute. Kanporaketa izanez gero, parte-hartzaileek pieza bat jo beharko dute eta, finalera iritsiz gero, ezingo dute finalean errepikatu pieza hau.

Azkenik, bi sari izango dira txapelketan: bikote irabazleari 250 euro, trofeoa eta txapela emango zaio eta, bigarrenari, 175 euro. Herriko lehen bikotearentzat sari berezia egongo da eta txapelketan parte hartu duten gainerako bikote guztiei 70 euroko dieta emango zaie; kanporaketa fasea gainditu ez dutenek, 50 eurokoa izango dute dieta.