Ikasturte hasierako azalpenak Lizardi Institutuan

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZARAUTZ.

Beste ikasturte bat abiatu da. Antoniano, La Salle, Oteiza eta Ikastola itunpeko ikastetxeetako ikasleek irailaren 6an hasi dituzte eskolak, eta irailaren 11n jarraitu dute ikasturtea. Lizardi ikastetxe publikoko ikasleek, aldiz, irailaren 11 arte ezin izan dute ikasturtea abiatu. Eta zentzu honetan, Lizardi Institutu publikoko klaustroak zera argitu nahi du: «Lizardiko langile guztiok irailaren hasieratik lanean bagaude ere, Hezkuntza Sailak erabaki du eskola publikoetan ikasleek ezin dituztela eskolak jaso irailaren 9a aurretik. Beste urteetan, ordea, araua bera izanik ere, baimena eskatu dugu Euskal Jaia baino lehenago hasi ahal izateko, eta beti baiezkoa eman digu Hezkuntza Sailak. Aurten, arrazoitu gabe, baimena ukatu digute. Egoera honen aurrean harrituta eta minduta gaude, Hezkuntza Sailaren agindupean gauden eskola guztiek ez baititugu joko arau berak. Eskola kontzertatuetan askatasuna daukate nahi duten egunean hasteko. Eskola publikoek, aldiz, arautegi askoz zorrotzagoa daukagu. Ondorioa nabarmena da: sistema publikoko zentroek Hezkuntza Sailaren babesa jaso beharrean, oztopoak jasotzen ditugu gure eguneroko jardunean, eta kaltetuak, azkenean, gure ikasleak dira».