Igoera eta lehen postua jokoan Aritzbatalden

Gaur 18:00etan, jokoan lehen maila nazionaleko lehen postua eta EBArako igoera txartela

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZARAUTZ.

Saskibaloiko Gizonezkoen Lehen Maila nazionaletik bi talde igotzen dira EBA ligara. Sailkapen nagusian lehena geratzen dena zuzenean igotzen da. Hurrengo lau sailkatuak, bigarrenetik bosgarrenera geratzen direnak, lauko final batean borrokatzen dira beste txartela eskuratzeko. Lau jardunaldiren faltan badirudi lehen postua bi taldeen artean dagoela. Biak Urola Kostakoak. Batetik, Ulacia Grupo eta, bestetik, Iraurgiko Disdira Bitxitegia. 18 garaipen eta 4 porrot dituzte biek. Bien artean jokatuko dute lehen postua gaur arratsaldeko 18:00etan Ariztbatalden.

Disdira Bitxitegia taldeak ibilbide polita darama ligan, zenbakietara begira talderik onena da bai erasoan eta baita defentsan ere. Maila handiko jokalari ugari badituzte ere, Ibon Guridi nabarmentzen da bereziki, Urrezko LEB Ligan Iraurgiko kapitaina izandakoa eta eskarmentu handiko jokalaria. Baina Ulacia Azpeitian nagusi izan zen 62-72, beharbada denboraldiko partida borobilenean eta joko bolada onean iristen dira Jokin Collantesen mutilak arerio zuzenei irabaztetik. Talde osoa izango da prest, baita azken hilabetean orkatilean min hartuta ibili den Unai Eizagirre kapitaina ere.

Derbi kutsua edukiko du norgehiagokak, eta lehen postua eta igoera jokoan izanik, ikusle ugari espero da Aritzbatalden, egun handietarikoa.