Idoia Garzes, Lizardi Sariko irabazlea eta Maite Arruti aipamen berezia

Sarituak. Maite Arruti eta Idoia Garzes erdian auren lanak eskuan dituztela, Xabier Txurruka eta Nekane Iribar alboan hartuta. / AMAXKAR
Sarituak. Maite Arruti eta Idoia Garzes erdian auren lanak eskuan dituztela, Xabier Txurruka eta Nekane Iribar alboan hartuta. / AMAXKAR

Lasarte-Oriatarrak 'Hari single bat' ipuinarekin lortu ditu sariaren 4.000 euroak |

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Idoia Garzesek (Lasarte-Oria, 1973) irabazi du Zarauzko Udaleko Kultura Departamentuak antolatzen duen Lizardi Sariaren XXXVII. edizioa, 'Hari single bat' lanarekin. Hamahiru lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta Idoiarena hautatu zuen Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Ramon Olasagasti eta Alex Gurrutxagak osatutako epaimahaiak.

Xabier Lizardiren jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez sari banaketaren ekitaldia egin zen Sanz Enea liburutegiko haur liburutegian. Idoiak Nekane Iribar kultura zinegotziaren eskutik jaso zituen sariaren 4.000 euroak eta bere lana argitaratuta plazaratu zuten. Ohi bezala, Zarauzko ikastetxeetan doan banatuko ditu liburuaren 2.500 ale Zarauzko Kultura Departamentuak.

Aurtengoan sari nagusiarekin batera eta epaimahaiak proposatuta aipamen berezi bat egin da, Maite Arruti zarauztarraren lanarena, 'Urdina zirudien gela'. Bere lana ere argitaratu egin da eta herritarren artean zabaltzeko asmoa dago.

Epaimahaiaren iritzia

Sari banaketaren ekitaldian bi epaimahaikide egon ziren sarituak eta zinegotziarekin batera, Alex Gurrutxaga eta Yolanda Arrieta. Hauek euren ikuspuntua azaldu zuten bertaratutako herritarren aurrean.

36ko Gerraren memoria fantasiaren eskutik dator 'Hari single bat' ipuinean. Arrako izeneko neskatoak mandioan dagoen amonaren kutxa zaharra zabaltzen du egun batean, eta ordutik aurrera historiaren hari matazak agertzen zaizkio. Jakin-minak gidatzen du neskatoa, amonaren irudi urrunaren lilurak eta iragana argitu nahiak.

Pixkanaka, elementu errealak eta fantastikoak, gertakari historikoak eta mitologia, denak trabatzen dira Arrako bilatuz eta eraikiz doan istorioan.

Sinbolikoki, irutearen ekintzak gurutzatzen du ipuina (izenburua Ezekiel gaztearen inguruko Itoizen abestitik hartua da), eta historiaren sinbolo ere bihurtzen da: hari single baten bidez lotuak daude iragana eta oraina, Ariadnarena bezalako hari ahul batean trabatuak, eta protagonistek lotura horren inguruan egin beharko dute gogoeta ezinbestean.

36ko Gerraren memoriari heltzen dio ipuinak, ñabardura interesgarri bat baino gehiagorekin. Irabazleen memoriaren arazoa dago, batetik, erruarena eta isildutako guztiarena. Bestetik, berriz, emakumeen memoriaren aldarrikapena egiten da. Horrela, beraz, memoria moten konplexutasuna azaleratzen du ipuinak.

Estilo aldetik, fantasiak eta giro onirikoak blaitua dago istorioa, eta irakurlea zangalatrau ibiliko da errealitatearen eta ametsaren artean. Horrez gain, elementu mitologiko eta magikoen presentzia ere nabaria da, eta idazkerari darion erritmoak gozagarri egiten dute irakurketa.

Laburtuz, ipuinaren konplexutasunak, giro oniriko iradokitzaileak eta estilo zainduak egoki bihurtzen dute 13-14 urtetik gorako irakurleentzat. Gainera, memoriaren gaia lantzen den moduak ate interesgarriak zabaltzen dizkie heldu nahiz haurren gogoetei.

Maite Arrutiren aipamen bereziari lotuta zera adierazi zuten, «epaimahaiaren ustez, ipuina Lizardi Sarira egokitzen ez bada ere, testuak herri mailako argitalpen bat merezi zuela ikusi genuen eta horrela adierazi genien Kultura Departamentuko ordezkariei. Jorratzen duen gaiak, Zarauzko historia eta ohiturak jasotzen dituen moduak eta idazkera fin-finak testu oso interesgarria bihurtzen dute».

Maite Arruti (Zarautz, 1964) udal liburutegiko langilea da eta berak azaldu zuenez «urtero liburutegian Zarauzko kontuen inguruko liburuxka bat ateratzeko proiektua genuen esku artean, eta horretarako ikerketa lanetan gabiltzala, ohartu nintzen kronologikoki oso hurbil zeudela gertaera asko. Honen aurrean pentsatu nuen horiek denak uztartuz osatu zitekeela testu bat, eta hortik jaio zen 'Urdina zirudien gela'.

'Hari single bat' ipuineko ilustrazioak Leire Urbeltzek egin ditu, eta 'Urdina zirudien gela' lanekoak Leire Ruizek. Bi liburuxkak argitaratuta daude 2.500 alerekin bakoitza eta herriko ikasleen artean banatuko dira.