Idoia Garzes lasartearrak irabazi du XXXVII. Lizardi Saria

Idoia Garzes. Lasarte-Oriako idazlea egunkariarekin./
Idoia Garzes. Lasarte-Oriako idazlea egunkariarekin.

36ko Gerraren memoriari heltzen dion 'Hari single bat' lanarekin nagusitu da

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Idoia Garzesek (Lasarte-Oria, 1973) irabazi du Zarauzko Udaleko Kultura Departamentuak antolatzen duen Lizardi Sariaren XXXVII. edizioa, 'Hari single bat' lanarekin. Hamahiru lan aurkeztu dira lehiaketara, eta Idoiarena hautatu du Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Ramon Olasagasti eta Alex Gurrutxagak osatutako epaimahaiak.

4.000 euro jasoko ditu sari gisara Idoia Garzesek, eta bere lana argitaratu egingo da. Ohi bezala, Zarauzko ikastetxeetan doan banatuko ditu liburuaren 2.500 ale Zarauzko Kultura Departamentuak. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, datorren apirilaren 29an, Xabier Lizardiren jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez.

Epaimahaiaren iritzia

36ko Gerraren memoria fantasiaren eskutik dator 'Hari single bat' ipuinean. Arrako izeneko neskatoak mandioan dagoen amonaren kutxa zaharra zabaltzen du egun batean, eta ordutik aurrera historiaren hari matazak agertzen zaizkio. Jakin-minak gidatzen du neskatoa, amonaren irudi urrunaren lilurak eta iragana argitu nahiak. Pixkanaka, elementu errealak eta fantastikoak, gertakari historikoak eta mitologia, denak trabatzen dira Arrako bilatuz eta eraikiz doan istorioan.

Sinbolikoki, irutearen ekintzak gurutzatzen du ipuina (izenburua Ezekiel gaztearen inguruko Itoizen abestitik hartua da), eta historiaren sinbolo ere bihurtzen da: hari single baten bidez lotuak daude iragana eta oraina, Ariadnarena bezalako hari ahul batean trabatuak, eta protagonistek lotura horren inguruan egin beharko dute gogoeta ezinbestean.

36ko Gerraren memoriari heltzen dio ipuinak, ñabardura interesgarri bat baino gehiagorekin. Irabazleen memoriaren arazoa dago, batetik, erruarena eta isildutako guztiarena. Bestetik, berriz, emakumeen memoriaren aldarrikapena egiten da. Horrela, beraz, memoria moten konplexutasuna azaleratzen du ipuinak.

Estilo aldetik, epaimahikideen esanetan «fantasiak eta giro onirikoak blaitua dago istorioa, eta irakurlea zangalatrau ibiliko da errealitatearen eta ametsaren artean. Horrez gain, elementu mitologiko eta magikoen presentzia ere nabaria da, eta idazkerari darion erritmoak gozagarri egiten dute irakurketa».

Laburtuz, ipuinaren konplexutasunak, giro oniriko iradokitzaileak eta estilo zainduak egoki bihurtzen dute 13-14 urtetik gorako irakurleentzat. Gainera, memoriaren gaia lantzen den moduak ate interesgarriak zabaltzen dizkie heldu nahiz haurren gogoetei.

Idoia Garzes Aldazabal, Lasarte-Orian jaioa 1973an. Kazetaritza ikasketak egin ditu Leioan eta hogei bat urtez telebistako hainbat saiotan egin du lan, erredaktore eta gidoilari gisa. Orain denbora du gustuko duena egiteko: ibiltzea, irakurtzea eta idaztea. Txikitatik idazten du, gauza laburrak gehienbat, eta balekoak iruditzen zaizkionak bidaltzen ditu sariketetara. Zenbait lehiaketa irabazi du: Kafe-Bar Bilbao Teatro Laburreko Gidoien Saria (2014an), 'Dimako Kalenturak' Ipuin erotikoen lehiaketa (2015 eta 2016an), Lasarte-Oriako Mikrokontakizunen Lehiaketa (2015ean eta 2018an), eta iaz bigarren saria eskuratu zuen Igartubeiti Baserriak eta Donostiako Untzi Museoak sustatutako 'Areago. Istorioak belarrietara' kontakizun lehiaketan.

Aipamen berezia

Maite Arruti zarauztarraren 'Urdina zirudien gela' ipuinak aipamen berezia jaso du. Epaimahaiaren ustez, Lizardi Sarira egokitzen ez bada ere, testuak herri mailako (gutxienez) argitalpen bat merezi lezake. Jorratzen duen gaiak, Zarauzko historia eta ohiturak jasotzen dituen moduak eta idazkera fin-finak testu oso interesgarria bihurtzen dute.