'Hondartza Hartu' ekimena, bihar Desertu Txikian

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZARAUTZ.

2019ko Kilometroak Zarautzen ospatuko da, urriaren 6an. Mugarri horren harira, hainbat ekimen antolatu dituzte, beti ere, aurten kilometroetarako finkatutako helburuei eutsita.Ikastola herritik sortu zen, eta herriarentzat. Helburu horri helduta sortu da bihar ospatuko den 'Hondartza Hartu' ekimena. Herriko eragileekin batera elkarlanean ondutako egitaraua osatu da. Salbatore Mitxelena Ikastolaz gain, Ikastolen Elkartea, Tropela, Artezaleak, Zelai Ondoko Jai Batzordea, SKAPA,Vista Alegreko Jai Batzordea, Hiruerreketa Auzo Elkartea, Pagoeta Mendizale Elkartea, Arkamurka, Bilgune Feminista, Arraio Irratia, Shelter, Zarauzko Surf Elkartea eta hondarrarekin artelanak osatzen adituak diren zenbait artista aritu dira proposamena borobiltzen, besteak beste.

Desertu Txikiraino kalejira egingo da 9:45ean txistulari eta Kilometroetako Mamorruen laguntzarekin, eta segidan, Tai-Chi saioarekin, Garikoitz Larrañagaren eskutik, zabalduko da goizeko 10:00etan, egitaraua. Besteak beste, surf ikastaroak eskainiko dira, 5 euroren truke. Derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Era berean, aurreko urteetako Tropela Hondartzan, (ziklistatxoak eta kanikak eraman behar dira); marrazketa gunea, Artezaleak-en eskutik; HondarArtea, Juanjo Gurrea, Goretti Aranburu eta Pako Serrasen eskutik; kometak eta petanka, Pagoeta Mendizale Elkartearen eskutik; hondarrezko irudien tailerra, Artezaleakeko Andoni Bastarrikaren eskutik (kuboa eta pala eraman). Hiruerreketakoek bere jolas erraldoia ere eramango dute. Horretaz gain, erronka jarriko dute: 'Zenbat mikroplastiko aurkituko dugu gurehondartzan?'.

Goiza borobiltzeko, Getariko antxoak egongo dira parrilan, eta makarroiak eta txorizoa ere bai txosnan. Arraio irratiak egingo du zuzeneko kontakizuna.