Haurrentzako txoko berezia kiroldegian

Jendetza. Kiroldegiko kantxan jarritako jolasak haurrez bete ziren goiz eta arratsaldez. /  AMAXKAR
Jendetza. Kiroldegiko kantxan jarritako jolasak haurrez bete ziren goiz eta arratsaldez. / AMAXKAR

Haur Kultur Taldeak antolatutako parkea atzo gainezka egon zen eta gaur berriz zabalik egongo da Aritzbatalden

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Urteroko arrakasta izan zuen atzo Gabonetako Haur Parkeak Aritzbatalde kiroldegian. Gaztelu puzgarriak kiroldegiko pistan egon ziren 0 eta 7 urte bitarteko umeei zuzenduak eta frontoian berriz jolasak 8 eta 12 urte bitartekoentzat. Gaur berriro zabalduko ditu ateak 11:00etatik 13:30era goizez eta 16:30etik 19:00etara arratsaldez.

Bihar larunbata, berriz, ur-jolasak igerilekuan honako ordutegiarekin: 10:00 LH6ko haurrak, 12:00 LH5ekoak, 16:00 LH4koak eta 18:00 LH3koak. Ekimen honek ere sarrera doan dauka.

Eta gabonetako programazioarekin jarraituz, igandean pailazoak izango dira, Pirritx, Porrotx eta Marimotots bere azken ikuskizuna, 'Musua' aurkezteko. Lehen emanaldia 16:00etan izango da eta bigarrena, 18:30ean. Hauxe da saioaren sinopsia: «Mundua mundu denetik, eguzkia biraka ari da eta gu haren inguruan. Eta dei egiten dio lurrari esnatzeko, azaleko zomorroak astindu eta mozorrotzeko. Mundua mundu denetik, hartzak kobazulora sartzen dira neguko solstizioetan eta kilkerrak kanpora atera udakoetan. Eta guk dantzatu eta kantatu egiten dugu negu zein uda, egin arren euria, atera arren eguzkia, apurtu arren zeruan tximista...».

Hamabostaldiarekin bukatzeko urtarrilak 2 eta 3an, Txu Txu Trena Lege Zaharren enparantzan egongo da 11:00etatik 13:30era goizez eta 16:30etik 19:00etara arratsaldez.