«Guretzat garrantzitsuena euskara ikastea eta erabiltzea da, ez azterketak»

Nekane Iribar zinegotzia eta Maite Egiguren zuzendaria, atzo ikasturte berria aurkezten. / ETXEBERRIA
Nekane Iribar zinegotzia eta Maite Egiguren zuzendaria, atzo ikasturte berria aurkezten. / ETXEBERRIA

Maite Egiguren, euskaltegiko zuzendariaren esanetan, ikasturte berrirako matrikula zabalik dagoen honetan

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Udal Euskaltegiak zabalik du irailaren 21a bitartean ikasturte berrirako matrikulazio epea. Beraz, matrikula egin nahi duenak, Euskaltegiko ateak zabalik aurkituko ditu Iturribide kaleako 28an, edo bestela 943131153 telefonora deituta, baita euskaltegia@zarautz.eus helbide elektronikora ida-tzita ere. Euskaltegiko ateak goizeko 9:00etatik arratsaldeko 19:00etara zabalik daude, etenik gabe, beti bezala, eskaintza zabalarekin, euskara ikasten hasi nahi dutenentzat, beren euskara maila hobetu edota euskara agiriak lortu.

Orokorrean, emaitza onak izaten dituzte euskaltegiko ikasleek, bai HABEk antolatutako azterketetan, baita bestelakoetan ere, hala nola EGA, IVAPek egiten dituenak, Hizkuntza Eskolakoak... Hala ere, atzo eguerdiko aurkezpenean, Nekane Iribar, Euskara eta Kultura zinegotziak, eta Maite Egiguren Golmaio, euskaltegiko zuzendariak adierazten zuten bezala, «guretzat garrantzitsuena euskara ikastea eta erabiltzea da, ez dira azterketak».

Horregatik, Udalak lagundu egin nahi die euskara ikasten dutenei eta horretarako badu beka sistema bat: euskara ikasten ari direnei matrikularen %75 itzultzen die, baldin eta emandako orduen %80 betetzen badituzte. Ikastaroan zehar langabezian daudenei %100 itzultzen die. Horretaz gain, HABEren azterketaren bat gainditzen duenak erakunde horri diru-laguntza eska diezaioke, eta dagokion diru-laguntza HABE eta Udalaren artean osatuko da.

Ikasteko, batetik, aurrez aurreko taldeak eskaintzen dira, eta, bestetik, autoikaskuntza zerbitzua. Bietan euskalduntze maila guztiak egiteko aukera dauka ikasleak. Jubilatuentzako taldeak ere izango dira, baita Gizarte zerbitzuetako departamentuko Immigrazio eta kultur aniztasuneko teknikariarekin elkarlanean aurrerago antolatuko den, AISA-Harrera ikastaroa ere, herrira iritsitako etorkinak euskara ikasten hasteko.

Eta euskara erabiltzeko, berriz, mintzalaguna eskaintzen da. Urola Kostako Udal Elkarteak antolatzen du egitasmoa interesgarri hau eta hala nahi duten ikasleek astero talde txikian euskara erabiltzeko aukera dute, bidelagunekin.

Curriculum moldatua

Maitek gogoratzen zuen bezala, «euskaltegiaren 36. ikasturtea dugu eta urteetako gure esperientzia jartzen dugu ikasleen esku. Baina berrikuntzetara ere zabalik gaude. HABEk helduen euskalduntzearen ikasprozesua gidatuko duen Curriculum berria ezarri zuen, eta gure euskaltegian ere moldatu dugu geure curriculuma. Bertan jasotzen da ikasle helduak euskara ikastean egin behar duen aurrerabidea, eta sei mailatan egituratzen da, Europako erreferentzia markoarekin bat etorriz - Oinarrizkoa A1 eta A2; aurreratua B1 eta B2 (hobeto ulertzeko, lehenengo eta bigarren perfilen baliokidea); eta aditua C1 (EGAren parekoa) eta C2 (4. hizkuntza eskakizuna edo 4.mailaren baliokidea). Gure irakaskuntzaren ardatza ikaslea da, eta gure metodologia hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua dago, ekintza komunikatibotan definitua. Izan ere, hizkuntzarekin gauzak eginez eta egiteko ikasten baita euskara. Era berean gure inguruko ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitu dugu gure jarduna».

Más

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos