Giro bikaina festei hasiera emateko

Txupinazoa bota ondoren, Agerraldiko zuzendariek goxokiak bota zituzten eta haurrak erne ibili ziren denak jasotzeko. Bitartean Igandea txarangarekin erraldoiak dantzan ikus ditzakegu kalejira hasi aurretik. / ARGAZKIAK AMAXKAR
Txupinazoa bota ondoren, Agerraldiko zuzendariek goxokiak bota zituzten eta haurrak erne ibili ziren denak jasotzeko. Bitartean Igandea txarangarekin erraldoiak dantzan ikus ditzakegu kalejira hasi aurretik. / ARGAZKIAK AMAXKAR

Gaurkoa da egun handia baina atzo eguerditik jai giroa eta gogoa nabarmenak ziren kaleetan |

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Atzo eguerdiko hamabietan Lege Zaharren enparantzan bildutako jendeak zuzenean bizi izan zuen aurtengo San Pelaio jaien hasiera. Alkatea, Xabier Txurruka, eta arratsaldean burutuko zen Haurren Agerraldiko Danbor Nagusia, Lore Martiarena, izan ziren txupinazoa bota eta festen hasiera iragarri zutenak. Handik aurrera jai giroa kalez kale nabarmentzen joan zen egunak aurrera egiten zuen bezala.

Lehen ekitaldia udaletxeko batzar aretoan egin zen, non, alkateak Loreri aginte makila eman zion eta ongietorria luzatu zien beste Agerraldiko zuzendariei, Dune Mendizabal eta Intza Sanchez (gorrizko zuzendariak), Uxue Goikoetxea eta Lore Martiarena (Urdinezko zuzendariak), Saioa Mateo eta Ane Uyarra (berdezko zuzendariak) eta Eki Egiazabal eta Naroa Maldonado (horizko zuzendariak).

Lege Zaharren enparantzan jendea biltzen joan zen eta euriak ere bere agerraldi laburra egin zuen baina zorionez kalejira hasi zenerako berriro eguzki izpiak lagun izan zituzten erraldoia, buruhandi, txaranga eta herritar guztiak.

Aurten hiru danborrada izango dira, atzoko biak eta gaur hirugarrena, goizeko 11:30ean

Santa Marinako ermitara ohitura jarraituz bisita egin, Pelaioren ereserkia abestu lore sorta utzi ondoren, eta berriro kalera, musikarekin dantza eginaz eta gaztetxoenak buruhandiekin lasterka batean batetik bestera jolasean.

Herriko lau bazterretatik aterako ziren 18:30ean Haurren XLI. Agerraldiko taldeak, Haur Kultur Taldeak antolatuta. Azken Portu, Iñurritza, Vista Alegre eta Itsasmendi auzoetatik herri barrenera hurbildu eta 20:00etan Lege Zaharren enparantzan denak elkarrekin sartu ziren Imanol Urbietaren doinuak euren danborrekin jotzeko prest.

Gauean berriz, Elkarte Gastronomikoen danborradaren txanda etorri zen, San Pelaio egunari ongietorria zarauztar denak emanaz.

Gaurko egitaraua

San Pelaio eguna ospatzen dute gaur zarauztarrek eta festa egitaraua goizeko 9:00etan irekiko da Dianarekin, trikitilari eta dultzaineroen partaidetzarekin herriko kaleak alaituz. Aldi berean, Iñurritzan ere, Diana izango dute.

11:00etan San Pelaio ermitan Meza Nagusia izango da. Bertan egongo dira Schola Cantorum parrokiko koroko kideak mezan abesten eta amaiera emateko San Pelaioren ereserkia denek batera kantatuko dute.

Goizeko 11:30ean emango zaio aurtengo hirugarren danborradari hasiera, Zarauzko Danborrada izenburupean antolatu dena. Ordu berean Frontoi Txikian haurrentzako tailerrak zabalduko dira.

12:30ean Iñurritzan, bertako gazteek eskainita, Aurreskua dantzatuko da. Alde zaharrera itzulita, 13:00etan Zarauzko Musika Bandaren kontzertua hasiko da Merkatu Plazan. Joko duten egitaraua honakoa da; 76 Trombones, egilea Meredith Willson (moldaketa Naohiro Iwai), Shrek Soundtrack Highlights (moldaketa John Moss), Aida opera (Giuseppe Verdi), American Folk Rhapsody, egilea Four American Folk Song (Clare E. Grundman) eta bukatzeko Jaialdia (Iñaki Urkizu).

Arratsaldean, 17:30ean abiatuko da Musika Plazatik Iñurritzara kalejira, bertan izango dira Sugarri txaranga, Zarautz´Trik trikitilari taldea, dultzaineroak, buruhandi eta erraldoiak.

Iñurritzan kalejira heldutakoan erromeria hasiko da (18:00etan). Gauargi taldearekin izango da eta bertaratzen direnak Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak antolatutako parriladarekin zer jana aurkituko dute. 18:30 eta 21:00ak bitartean Iñurritza jai Batzordeak ardoa eta gazta musu-truk emango ditu nahi duen guztiarentzat.

20:00etan Larrain-dantza herrikoia egingo da Lizarrako dultzaineroekin. Eta ordu erdi beranduago (20:30ean) Musika Plazara itzulera hasiko da kalejiran.

Gaueko 22:00etan Udaberri egoitzaren aurrean, dantzaldia hasiko da Ibai Berriak taldearekin. Musika Plazan22:30ean berriz, Kresala taldearen kontzertuari hasiera emango zaio.

Aldi berean Iñurritzan erromeria, Izer eta Alabierrekin. Gauean 23.00 eta 2:30 bitartean alkoholemia proben karpa zabalik egongo da Malekoian, Prebentzio Zerbitzuak eta Sasoia Elkarteak jarrita (Eusko Jaurlaritzak babestutako ekimena izango da).

Goizaldera (hilak 27an sartuta) Iñurritza Jai Batzordeak Baratxuri. Sopa banatuko du 17:30etatik aurrera. Eta 18:00etan ohiko oilasko biltzearen hasiera izango da.

Temas

Jaiak