'Uda gazte' programazioak arrakasta handia izan du

Mollarrin. Ilunabarrean gozatzeko izan zuen orain egun batzuk Gaztelekutik abiatutako talde honek. / DV
Mollarrin. Ilunabarrean gozatzeko izan zuen orain egun batzuk Gaztelekutik abiatutako talde honek. / DV

Haize Orratz Gaztelekuak uztailean zehar antolatu duen Uda Gazte zerbitzua 582 nerabek erabili dute guztira

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Uztaila igaro da eta, honekin batera, Haize Orratz Gaztelekuak hilabete honetarako antolatutako 'Uda Gazte' programazioa burutu da. Jon Andoni Urdangarin Urrutiak, Gazteria zinegotziak, hilabete honetarako antolatutako ekintzek «arrakasta handia» izan dutela azpimarratu du. «Udan haur eta nerabeei ondo pasatzeko aukerak eskaintzeko asmoz, Haize Orratz Gaztelekutik ekintzaz beteriko programazioa antolatu genuen udaldirako. Horretarako, ekainean zehar gaztetxoek ekintzen proposamenak egin zituzten eta hezitzaileek proposamen horietan oinarrituta programa diseinatu zuten. Uztaileko hilabetea ekintzaz betea egon da: Irunen kartingean ibili dira, Senperen Wipe-Outen saltoka, Baztanen Tirolinaz gozatzen, eta Gamarrako igerilekuetan igeri, besteak beste. Guztira, 582 nerabe izan ditugu Uda Gazte zerbitzuan, eta antolatutako irteera eta ekintzetan 250 nerabe inguru elkartu dira».

Horrez gain, Zarautzek eta inguruak eskaintzen dituen aukerei ere probetxua ateratzeko aukera izan dute nerabeek, herrian bertan dugunaz jabetzeko eta ondo pasatzeko hainbat ekimen antolatuz. Besteak beste, Getarian snorkel egin zuten, Mollarrin afari merienda ilunabarraz gozatuz, zenbait txapelketa... Zarauzko Malekoira ere eraman dute Gaztelekua, hala nola, ginkana ezberdinak antolatuz eta portuko kukainaz gozatuz.

«Ekintzez, esperientziez, leku berriez eta algaraz beteriko uztaila izan da. Berriz ere, modu positibo eta osasuntsuan, nerabeek ondo pasatzeko gaitasuna dutela erakutsi dute eta, oraingoan ere, nerabeak protagonista izan dira. Izan ere hori guztia beraiek egin dute posible», azaldu du Urdangarinek. Azkenik, zinegotziak gaineratu du Haize-Orratzeko hezitzaileek egiten duten lana «balorean jarri» behar dela. «Beraien eguneroko lan paregabearen fruituak dira emaitza on hauek. Hortaz, esker eta zorion hitzak zuzendu nahi dizkiet bai nerabeei, izandako jarreragatik, eta baita hezitzaileei ere, egindako guztiagatik. Esker mila guzti-guztioi».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos