Gaur hasiko da haurren Gabonetako hamabostaldia

Jolas parkean . Ondo pasa eta lagunak egin. / AMAXKAR
Jolas parkean . Ondo pasa eta lagunak egin. / AMAXKAR

Urtarrilaren 3a bitartean burutuko da eta aurten XXXVI. edizioa beteko du Haur Kultur Taldearen eskutik

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Gaur hasi eta 2019ko urtarrila bitartean Haur Haurren Kultur Taldeak antolatzen duen Gabonetako Hamabostaldiaz gozatzeko aukera izango dute herriko haurrek eta, bide batez, baita guraso eta familiartekoek ere.

Lehen ekitaldia Musika Plazan gaur bertan egingo da. Arratsaldeko 17:30ean (euria egingo balu Gaztelekuan) haur jolasak egingo dira eta jarraian haurrentzako txistorrada, Txurrukako begiraleekin eta HKTko laguntzaileei esker.

Bihar, 11:30ean, Musika Eskolan ipuin kontalaria. 'Olentzero Kuttun' (2-7 urte bitartekoentzat) musika, istorioak, ametsak... Sarrerak haur liburutegian jaso behar dira eta gehienez lau sarrera pertsoko.

Haur parkea

Abenduak 27eta 28an, datorren asteko ostegun eta ostiralean, Gabonetako Haur Parkea doan zabalik egongo da udal kiroldegian (Aritzbatalde). Gaztelu puzgarriak kiroldegiko pistan egongo dira eta 0 eta 7 urte bitarteko umeei zuzenduak daude. Frontoian berriz jolasak egongo dira 8 eta 12 urte bitartekoentzat. Ordutegiari dagokionez 11:00etatik 13:30etara goizez eta 16:30etatik 19:00etara arratsaldea irekita egongo dira. Abenduak 26an dibertsitate funtzionala duten haurrentzat irekiko da parkea (16:30-19:00).

Abenduak 29, larunbata, Ur-jolasak kiroldegiko igerilekuan. Ordutegiak: 10:00 LH6ko haurrak, 12:00 LH5ekoak, 16:00 LH4koak eta 18:00 LH3koak. Ekimen honek ere sarrera doan dauka.

30ean pailazoak

Abenduak 30, igandean, urteroko pailazoen zita izango da. Kiroldegian egongo dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak bere ikuskizun berriarekin, 'Musua'. Bi saio egingo dira. Sarrerak 6 euro balio ditu eta salgai daude Andatza Kafetegian, Geltoki tabernan eta Sta. Marinako Koxkor Okindegian daude dagoeneko. Emanaldiaren egunean ere sarrerak izango dira salgai, 15:00etatik aurrera, kiroldegiko leihatilan. Lehen emanaldia 16:00etan izango da eta bigarrena, 18:30ean.

Aurtengo emanaldiaren sinopsia hau da: «Mundua mundu denetik, eguzkia biraka ari da eta gu haren inguruan. Eta dei egiten dio lurrari esnatzeko, azaleko zomorroak astindu eta mozorrotzeko. Mundua mundu denetik, hartzak kobazulora sartzen dira neguko solstizioetan eta kilkerrak kanpora atera udakoetan. Eta guk dantzatu eta kantatu egiten dugu negu zein uda, egin arren euria, atera arren eguzkia, apurtu arren zeruan tximista... Ihauterietan, San Joanetan, Gabonetan ohitura zaharrak mantendu eta berriak sortzera jolasten dugu. Munduak biraka segi dezan. Eguzkiak ez ezik, musuek ere biraka jartzen dutelako mundua. Eta musuek biraka jartzen gaituztelako gu. Eta zu?».

Hamabostaldiarekin bukatzeko urtarrilak 2 eta 3an, Txu Txu Trena Lege Zaharren enparantzan egongo da goizeko 11:00etatik 13:30era goizean eta 16:30etik 19:00etara arratsaldean.

 

Fotos

Vídeos