Gari Uranga: «Niretzat ez da berdin arraunean egitea eta arraunlari izatea»

Gari Uranga. Entrenatzailea eta arraunlaria./AMAXKAR
Gari Uranga. Entrenatzailea eta arraunlaria. / AMAXKAR

Zarauztarrak bere lehen denboraldia bete du prestatzaile lanetan eta atzera begirada bat botatzeko une egokia da, Enbatak maila bikaina eman ondoren

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Garikoitz Urangak arraun munduan denetik ezagutu du. Etxeko ontziarekin Gipuzkoako Txapelketa eta Kontxako laugarren postuak lortuak ditu. Gero etorriko zen Hondarribiarekin arraunean ibiltzeko aukera eta garaipen handiak. Azken urtean etxera itzuli eta arraunlari bat gehiago izateaz gain, prestatzaile lanetan ibili da eta emaitza onak lortuz gainera. Bere iritzia jasotzeko bildu gara berarekin.

-Zure burua nola ikusi duzu eginkizun berri honetan?

-Hasieran nahiko lanekin. Arraunlari izatetik entrenatzaile izatera pauso handia dago. Zuritik beltzera esango nuke nik. Arraunlari zenean esandakoa egiten duzu eta erantzukizunik ez duzu baina orain zure gainean daukazu erantzukizuna eta gurean bereziki, kontutan izanik jende oso gaztea daukagula, eta adin horiekin prestatzailearen eragina handiagoa da arraunlariarengan. Negua gogorra izan zen jende aldetik, nahiko justu ibili ginen kopuru aldetik, baina nahiko ondo eraman genuen egoera hori eta denbora aldetik askeago egon direnean arraunlariak ikusi da lan txukuna egin dugula eta luzitu digula udarak.

-ZAEko zuzendaritzak deitu eta proposamen hau egitean zer pentsatu zenuen?

-Azkenean, Zarautz Arraun Elkarteko zuzendaritza da baina niretzat lagunak dira, ondo ezagutzen gera elkar. Beraiekin arraunean egin dut, klubean eta herrian elkarrekin egonak gera eta azkenean ez zen proposamen zuzen bat izan, gai hauen inguruan hitz egiten duzu eta nire ikuspuntua eskatu zidaten lan hau egiteko. Gauza asko zeuden aztertzeko, Hondarribian pozik nengoen baina joan eta etorriak, familia etxean eta hainbat kontu baloratu behar dituzu. Momentu honetan herrian geratzea aukera polita zen eta gainera entrenatzaile bezala pauso bat gehiago ematea zen eta aurrera egin nuen. Ontzian Gaizka eta Naxi nituen eta inguruan beste hainbat betidanik lagun ditudanak. Zutaz gogoratzeak zerbait esan nahi du.

-Agian hasieran galduta egongo zinen baina esperientziak erakutsi ahal dizu nondik jo?

-Noski. Hau lan guztiak bezala hasiera gogorrekoa da. Ez dakizu nondik jo baina inguruan izan dudan jendeak asko lagundu nau, Gaizka, Ekhi, Naxi,... nondik joan bazekitenak eta kluba ondo ezagutzen zutenak. Ezinbestekoa izan da euren babesa, bereziki hasieran. Gero ikasten joaten zara eta oraindik ikasteko asko geratzen zaidala garbi daukat. Zalantza askorekin beti baina gutxienez tiroak nondik doazen ikusi dut.

-Joan zinenetik ZAEn gauzak asko aldatu ahal dira?

-Beno, ni joaterako instalakuntzak bagenituen Aian, prestakuntza Santa Anan egiten genuen eta bota ondoren orain kiroldegiko fosoan egokitu dute tokia eta ondo dago. Daukagun arazo bakarra herrian kanpora joan beharra uretara ateratzeko. Bestalde ikusten da baita non zauden zure egoera markatu egiten duela, orain KAE-1ean gaude, agian KAE-2an egongo gara eta nork daki baita TKEn egon gaitezke eta garrantzitsua da beti norabide berdinean lan egitea. Arraunlariaren mentalitateak ezin du aldatu zauden mailari begira, niretzako ez da berdina arraunean egitea eta arraunlari izatea. Mentalitate hori aldatu behar dugu. Arraunean egitetik arraunlari izatera.

-Talde oso gaztea daukazu pare bat beterano kenduta, lanerako zer egina badago ezta?

-18 arraunlaritik hiru jubenilak dira eta beste hiru edo lau 18 urtekoak, pasa berriak. Naxi eta ni kenduta zaharrenak 26 urte ditu. Jende oso gaztea eta ikasteko asko daukatenak. Egia da bi edo hiru oso gazteak izan arren urte asko daramatzate traineruan eta hori nabaritzen zaie baina gehienak asko dute ikasteko eta hobetzeko, beste denak egon garen egoera berdinean daudenak. Nahi badute nik uste gauza politak egin daitezkeela.

-Zaleak emaitzak begiratzen ditu eta orokorrean oso gustura geratu dira zarautarrak, espero zenuten holako emaitzak lortzea?

-Emaitzak onak izan dira, hor ez dago zalantzarik. Neguko lehen saioetan ikusi genuen non egon gintezken baina gero lehia hasten denean ikusi behar zeren inoiz ez dakizu besteek zer egin duten. Erdian ibiltzeko aukera genuela ikusten genuen. Gero udaran bosgarren postua lehiatu eta lortu genuen baina egia da aurreko ontziak hasieratik urrun eduki ditugula. Emaitzak onak dira baina besteek egiten dutenaren esku ere badago, zuk pauso bat ematen baduzu baina ingurukoak bi, atzean geratuko zara.

-Aurrera egiteko gazte hauek mantentzea izango zen helburua?

-Noski. Arraunlariak egunero entrenatu behar du, ondokoak hori egiten badu eta gainditu nahi baduzu zuk ere gutxienez hori bera egin beharko duzu. Arraunak portzentaje fisiko handia dauka eta beste kirol batzuekin alderatuz hobetzeko prestaketa landu behar duzu. TKE ligako plantillak ikusi besterik ez dago, 30 urtetik gorakoak dira gehienak. Tamalez kirolean emaitzak berehala nahi ditugu eta hori ezinezkoa da. Garbi dago pazientzia handia behar dela eta askotan ez dugula izaten, ez guk entrenatzaile bezala eta ezta ere direktibak edo arraunlariak. Oso 'cortoplacistak' gara. Fisikoak gain beste zerbait ere behar da kirol honetan eta hori denborarekin ikusten da.

-Adibideak oso adierazgarriak izaten dira eta zu zeu nola hasi zinen arraunean?

-Ni futbolean nenbilen eta aspertzen hasia. 22 urterekin eta parranda giroan burua berotu eta hasi nintzen. Gainera oso talde bikaina osatzen zuten orduan eta oso ondo hartu ninduten. TKE ligara igo ziren eta ni bat gehiago bezala sentitu nintzen. Zegoen giroa nabarmenduko nuke. Kirola beti izan dut gogoko eta itxuraz arrauna niretzat egokia zen eta orain arte. Lotuta geratu nintzen, hobetzeko tartea ere ikusten nuen eta aurrera.

-Hondarribian goi mailan ibili zera.

-Bai baina Enbatan ere goi mailan ibili naiz. Kontxan laugarren eginak gara. Gero Hondarribian urte oso onak igaro ditut, asko disfrutatutakoak baino irabazten ohitu egiten zara eta bigarren izateak ez du balio. Presioa handia da. Horrek ere etxera itzultzeko bultzada bat eman zidan. Dena den urte oso onak izan dira baina ez garaipenak lortu ditugulako, hori ere bai, baina azkenean lagunak egiten dituzu eta hori baloratu behar da. Beti esan ohi dut garaipenak klubak lortzen dituela nahiz zu barne egon eta zorte hori izan dudala baina ezagututako jendea eta egindako lagunak inork ez dizkizu kenduko, banderak han nonbait egongo dira baina lagunak betirako egiten dituzu.

-Bukatzeko, aurrera begira zer?

-Beste urtebete jarraitzeko prest. Nik beti urte bateko epea jartzen dut, aurrerago begiratzea ez zait gustatzen, lana, familia, gauza asko daude epe luzera begiratzeko. Baina ni bezala arraunlari gehienak jarraitzeko gogoz eta ikusi behar. Batzuk kanpora joaten dira ikastera, besteak lanarekin arazoak izan ditzakete eta hori guztia ikusi behar dugu nola egokitu, sakrifizio handia eskatzen du eta hain gogorra ez egiteko irtenbideak bilatu behar ditugu. Arraunlari taldea mantenduko dugulakoan nago eta abiapuntu bat badaukagula aurrera begiratzeko. Aldaketa nagusiak aurten egin ditugu eta orain hobetzea geratzen da. Gure aldetik dena jarriko dugu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos