Garaipen bat Liga EBAra itzultzeko

Bikain. Une honetan lehen postuan dago Ulacia Grupo taldea eta Durangon irabazi behar du. /  AMAXKAR
Bikain. Une honetan lehen postuan dago Ulacia Grupo taldea eta Durangon irabazi behar du. / AMAXKAR

Etxeko azken partida erraz irabazi zuen Ulacia Grupok Zizur Ardoi taldearen aurka (70-65) eta Durangon irabaztea nahikoa du EBAn sartzeko

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Aste Santua inguruan hiru astez partidarik jolastu gabe egon ondoren, Ulacia Grupo taldea ligako azken aurreko partidara irabazteko beharrarekin iristen zen Disdira ISBren garaipenaren ondoren. Nafarrak ordea, maila galduta iritsi ziren Aritzbataldera eta presiorik gabe disfrutatzeko asmoz jolastu zuten. Partida nahiko hotz hasi zen, erritmo handirik gabe baina bi taldeak puntuak pilatzen joan ziren, Zarauztarrak 3ko marratik Izotz Barrioren 2 eta Jon Sanzen beste batekin, eta Zizurtarrak barneraketen bidez.

Bigarren laurdenean Zarauztarrek saskiratzeko arazoak izan zituzten, erritmorik gabe eta defentsan eskas. Nafarrak 3ko marratik asmatzen hasi ziren 27-32rekin alderik handiena lortzen zutelarik. Zorionez, azken susperraldi baten bidez, atsedenaldira berdinduta iristea lortu zuten Jokin Collantesen mutilek.

Aldagelatik bueltan beste erritmo batekin jolastu zuten zarauztarrek eta beraien joko alaiarekin disfrutatu zuten Aritzbataldera hurbildutako zaleak, 14 puntuko aldea izatera iritsi zirelarik. Azken laurdena berdinduta joan zen aldeak mantentzen baina azkeneko minutuetan agian gehiegizko erlaxazioaren ondorioz Ardoikoak markagailuan hurbildu ziren amaierako, 5 puntuetara jartzen ziren, halere inongo momentuan ez zen partida arriskuan egon.

Garaipen honen ondorioz, txapelketako azken jardunaldira Liga EBAra igotzeko aukera garbiekin iristen dira zarauztarrak. Durangon jokatzen dute eta irabazten badute EBAra igoko dira eta helburua beteta egongo da. Galtzen badute berriz igoera fasea jolastu beharko dute beste txartela eskuratu nahian.

Zozketaren zenbakiak

Bestetik Ulacia Grupoko partidetan azken hilabeteetan Zarautz Kirol Elkarteko saskibaloi sailak burutu duen zozketaren zenbaki saridunak atera ziren igandeko norgehiagokan.

Saria Barcelo bidaiak eskainitako 1.000 euroko bono bidaia izan da, sari potoloa beraz. Zenbaki sariduna 2.504a izan da. Ordezkoak, hilabete baten buruan inor agertzen ez bada sarituak izango direnak, 0.789 eta 4.251 izan dira hurrenez hurren. Saria jasotzeko Zarautz Kirol Elkarteko bulegoetatik pasa behar da (nagusia 7, 1) edo bertara deitu (943831463).