Borrar
Atzo goizean udaletxeko ordezkariek Euskaraldia ekimenari babesa adierazi zioten. ETXEBERRIA
Euskaraldiaren laugarren edizioko helburuekin bat egin du Udalak

Zarautz

Euskaraldiaren laugarren edizioko helburuekin bat egin du Udalak

Hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzea da helburu nagusia

Jueves, 10 de abril 2025, 20:08

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta hamaika eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.

Euskaraldiaren helburuak zabaltzeko unea iritsi da: ez da soilik ariketa egun horietara mugatzen den dinamika, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen ekimena baizik. Beste modu batera esanda, helburu nagusia hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea da, eta, horrez gain, entitateek ere euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak hartzea sustatu nahi da. Euskaraldiak, modu kolektibo eta sozial batean, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du, euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak sortuz.

Maiatzaren 15etik 25era

Ariketa sozialaren laugarren edizioa, beraz, maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo dute. Edizio berriaren leloak adierazten du 'Elkar mugituz egingo dugu', denok batera, mugimendua sortu eta beste pauso bat eman dezagun euskararen erabileran.

Ariketa sozialean bi parte hartze mota egongo dira. Alde batetik, herritarrak. Gutxienez euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako norbanakoek ahobizi eta belarriprest gisa hartuko dute parte, jokabide bat edo beste aukeratuz. Bestalde, mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte. Helburu nagusia entitateen baitako harremanetan euskararen erabilera handitzea izango da.

Lehen hitza euskaraz

Aurten ariketa sozialean parte hartuko duten entitate eta belarriprest eta ahobiziei gonbidapen gehigarri bat helarazi nahi zaie: egunerokoan edo jardunean euskararen erabilera areagotzeko urrats esanguratsuak eman ditzatela, lehen hitza euskaraz eginez, elkarrizketa elebidunak ahalbideratuz; azken batean, euskaraz dakienarekin euskaraz eginez.

Gonbidapen honen helburua da bakoitzaren inertzia linguistikoetan aldaketa praktikoak lortzea. Horretarako, partaide bakoitzak -izan herritar edo entitate- bere buruari euskararen erabilera areagotzeko zein urrats eman dezakeen pentsatu eta Euskaraldiak irauten duen hamaika egunetan urrats hori gauzatu eta jakinaraztea nahi litzateke.

Ostegun goizean, udal ordezkariek Euskaraldia egitasmoa babesten dutela eta herri bezala parte hartuko dutela ariketan, jakinarazi zuten; «gizartean eta herrian bertan Euskaraldia sustatuko dugu, eta ariketarekiko atxikimendu publikoa erakutsi nahi dugu». Udalean euskararen alde urrats esanguratsuak eman eta ikusaraziko direla aurreratu zuten. Honengatik guztiagatik, herri entitate eta herritarrei Euskaraldian izena eman eta parte hartzeko gonbidapena luzatzeko aprobetxatu zuen Udalak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaraldiaren laugarren edizioko helburuekin bat egin du Udalak