Euskal Jaiak betiko arrakasta izan zuen

Alprojako kideek emanaldi interesgarria aurkeztu zuten berriz, umorea eta kritika uztartzen dituena eta ikusleek txalo zaparradarekin agurtu zutena. / AMAXKAR
Alprojako kideek emanaldi interesgarria aurkeztu zuten berriz, umorea eta kritika uztartzen dituena eta ikusleek txalo zaparradarekin agurtu zutena. / AMAXKAR

Astelehena izanik beste urteetan baino jende gutxiagorekin baina giro ezin hobean ospatu zen atzo

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Euskal Asteak amaiera ezin hobea izan zuen atzo Euskal Jairekin. Eguraldiak lagundu zuen eta bereziki hori eskertu zutenak Alprojako kideak izan ziren.

Azken bi urteetan eguraldiak bizkarra eman eta hilabeteetan egun honetarako prestatzen duten emanaldia ohiko kokalekua izan duen Munoatik kiroldegira eraman zuten. Ez zen erabaki erraza izan azken urteetan hartutakoa eta aurten ere zerura begira egon ziren herritar asko, eguraldiaren iragarpenak beteko ziren ala ez jakin nahian.

Zorionez goizean goiz ikusi zen zerua garbi zetorrela. Horren lekuko izan ziren dianan parte hartu zuten musika talde ezberdinak eta ondoren 8:00etan euren ohiko ekitaldiari hasiera eman zioten Goiztarrak taldeko kideak. Udaletxe aurrean bildu eta herriko kaleak zeharkatu zituzten, antzinako ohiturak berreskuratuz, goizean, garai bateko pertsonaiak irudikatuz kalez kale.

Alproja Munoan

Eguerdian jende asko egoten da Alprojak prestatutako emanaldia ikusteko prest eta bere orduan Munoan izan ziren 'Nitanic' antzezlana aurkezten. Beti bezala, umorea eta kritika partekatu zituzten eta ikusleek ordubeteko saio bikaina gozatu ahal izan zuten.

Eguna aurrea joan zen bitartean eta Iturengo tunturroak kaleak alaitzen zituzten bitartean, musika eta dantzak bete zituen Musika Plaza eta Lege Zaharren enparantza. Bi gune edonork bere trebezia plazaratzeko egokituak eta haur, gazte eta heldu elkarrekin dantzan bietan ikusten ziren.

Arratsaldean giroa Iñurritzako auzora pasa zen, bertan ere giro oso onean jendetza elkartuko zen erromerian berriro alde zaharrera itzuli bitartean.

Temas

Jaiak