Zarautz
Euskal Jaiak beste ehun urte beteko dituela dirudiMendeurrena. Ospakizun berezia izan da astelehen honetakoa zarauztarrentzat eta hori kalean nabarmendu da giro paregabearekin noizbehinka eguraldiak oztopoak ezarri arren
Egun handia da astelehen honetakoa zarauztarrentzat. Euskal Jaiak ehun urte bete ditu aurten eta Zarauzko Udalak egitarau berezia prestatu du honelako ospakizun baten aurrean. Herriaren erantzuna ere bikaina izan da.
Goizean goiz, kaleetan nabaritzen zen giro berezi hori. Musika izan da lehen ordu horietan protagonista, oraindik ohean zeuden herritarrei gogoraraziz hauxe ez zela beste egun bat, Zarauzko Euskal Jaiaren mendeurrena zela eta baserritar arropak prestatu, jantzi eta kalera irten behar zutela.
Goiztarrak izan dira lehenak kaleetan ohitura zaharrari jarraipena eman diotenak. Garai bateko udal ordezkariak gora eta behera ikusi ditugu, itxura dotorearekin, eta eguerdian Frontoi Txikin jende ugari bildu dute bertan egindako emanaldia jarraitzeko.
Trikitilari, txistulari, dultzainero eta Iturengo joaldunak euren hartzarekin kalez kale zebiltzan bitartean, Gure Boza otxoteak saio labur eta dotoreak eskaini ditu bazter ezberdinetan.
Ordurako, kaleak baserritarrez betetzen hasiak ziren. Gazteak euren orgak prest zituztela goiz parteko beharrak asetzeko asmoarekin, zer jan eta zer edan topa zitekeen euren tramankuluen barruan.
Haurrentzat Arrosategi parkean pottokak jarri dituzte eta asko izan dira euren gainean jarri eta erraz ahaztuko ez duten ibilbidea egin dutenak. Alproja taldeak ez zuen bere abiapuntua bertatik oso urrun eta alde zaharreko kaleak zeharkatu ondoren, eguerdian Munoan sartu dira dantzan, jarraian 'Ehun urte zain' izenburua zeraman antzezlana eskaintzeko.
Eserleku denak beteta eta ikusmin handiabertan. Urte asko dira Alprojakoek egun honetan herriari ikuskizun hau eskaintzen diotela eta aurten Santa Klara abiapuntu hartuta, herriko mamu guztiak ikusi ditugu Munoako oholtza gainean. Zorionez Galtxagorriek ederki menderatu dituzte denak, baita euria ere. Antzezlanaren erdian, tanta batzuek emanaldia mehatxatu dute , baina tinko eutsi eta saioa bikain bukatu dute, oraingoan txalo zaparrada batekin.
Zalantzarik gabe, Euskal Jaiak eguerdian giro ezin hobea izaten du. Musika Plaza eta Lege Zaharren enparantzan musika eta dantza nagusi ziren. Eta ordurako mendeurrena zela eta, karrozak prest zeuden Kale Nagusian sartu eta ikuskizun paregabea eskaintzeko.
Lau karroza kaleetan
Lau karroza, idi pareak buru zituztela, jendearen aurrean azaldu dira, zein baino zein ederragoak. Jose Maria Zuazobide, Jose Luis Lasa, Iñigo Arrillaga eta Juan Antonio Mendizabalen lanak txundituta utzi dituzte denak. Oso une berezia izan da zalantzarik gabe.
Maila xumeagoan, orga txapelketak ere gero eta maila hobea dauka eta lanean gogor ekiten diote talde ezberdinek ahalik eta orga politena jendaurrean azaltzeko xedez.
Eta askorentzat sorpresa galanta izan da baita ere joaldunen presentzia. Ez Zarauzko kaleetan egun honetan ikusten zituztelako, hori aspaldiko kontua baita. Baina Iturendik etorritako joaldunen kopuruak aho zabalik uzti ditu denak. Errenkada luze batean, adin ezberdinetako joaldunak ikusi dira gurean, zahar eta gazte, gizon eta emakume.
Dantzarako grina asetzeko aukera etengabea izan da eta eguerdian zehar euri tanta batzuek aterki bat edo beste zabalarazi baditu ere, festarako gogoa nagusitu da beti eta azkenean, zeru ilunak ere amore eman du Zarauzko Euskal Jaiaren aurrean.
Iñurritzara
Mendeurrena izanik, lehen ediziotik ohitura bilakatu zen kalejira izan da protagonista arratsaldean. Musika Plazatik irten eta erromerian, Iñurritzara joan ziren baserritarrak, haur, gazte eta heldu. Bertan, dantza eta musika Bide Batez taldearekin eta haurrentzat herri kirolak.
Iluntzeko zortzietan, Lizarrako Larrain Dantzari ekin zioten askok eta amaitzean berriro denak kalejiran Musika Plazara itzuli ziren. Erromeriak jarraipena eman zion festari eta gaua luze joango zen askorentzat.
Ehun urte bete ditu gure Euskal Jaiak eta bizirik darrai. Aurtengoan atzera begirada bat bota eta urte ilun asko igarotako jaia dela ikusi da baina aurrera begira jarraipena izango duela dirudi.