Euskadiko Txapeldunak dira eskubaloiko kadeteak etxean irabazi ondoren

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZARAUTZ.

Asteburuan Aritzbatalde kiroldegian lehiatu da Euskadiko kadete mailako txapelketa eta lau talderen arteko lehia izan da. Gran Camping Zarautz, Zaisa Bidasoa, Usurbil eta Tolosa aurrez aurre. Ostiralean zarauztarrek irundarrei irabazi zioten (39-33), larunbatean berbera egin zuten Tolosaren aurka (31-21) eta igandeko azken partidan finala jokatu zuten Usurbilen aurka. Usurbildarrek ere aurreko bi partidak irabazi zituzten finalerako txartela lortuz. Beraz, azken partida honen irabazleak jantziko zuen irabazlearen txapela. Ez zuten huts egin Gran Camping taldeko kadeteek eta partida borobila jokatu ondoren 36 eta 28 nagusitu ziren. Txapeldunei Zorionak!

Baina asteburuak beste albiste onik izan du, horrela infantil mailako mutilek Gipuzkoako Txapelketako lehenengo eta hirugarren postuak lortu dituzte.

Bartzelonan galdu

Gaztetxoen helburua lehenengo taldean jokatzea izango da zalantzarik gabe eta hauek Ohorezko Zilarrezko mailari eusten nahiko lan badituzte hiru jardunaldi geratzen direnean liga amaitzeko. Larunbatean partida gogorra zuten Bartzelonan, Ciutat Esportiva Joan Gamper kiroldegian etxeko talde indartsuaren aurka neurtu zituzten indarrak eta 35-24 galdu zuten. Atsedenean zortzi goleko diferentzia zuen Bartzelonak (18-10) eta errenta horrekin lasai jokatu zuten bigarren zatia. Goenaga eta Iraetak seina gol egin zituzten, Bartzelonako golegile onenak adina, Alex Pascual, baina kataluniarrek jokalari asko eta onak dituzte eta ezinezkoa izan zen sorpresa ematea. Dena den, oraindik liga pil-pilean dago. Azken hiru jardunaldi geratzen dira eta Amenabarrek etxean bi final ditu Acanor eta Agustinos taldeen aurka, zuzeneko arerioak biak.