Espainiako 17 urte azpiko halterofilia xapelketan Zarauzko sei gazte aritu dira
Alex Balenciagaren saioa bikaina izan da hiru domina lortuz
ZKE Halterofilia taldeko sei gazte aritu dira Espainiako 17 urte azpiko txapelketan. Guztira 7 gazte ziren parte hartzekoak baina azken astean beraietako batek min hartu du entrenatzen eta lehiaketaz kanpo geratu da. Hala ere, Jon Mendizabal, Jaizki Mendizabal eta Imanol Zulaika entrenatzaileekin batera izan da Toledon, taldekideei indarra ematen.
Nesken artean, Lore Mendizabalek, 49 kg azpiko kategorian, kale egin du abiadan, 8. postua lortu du jasotze-altxatzean (64kg) eta totalean 11. geratu da. Hala eta guztiz ere, jasotze-altxatzeko markarekin Euskadiko errekor berria ezarri du bere kategorian. Lide Mendizabalek, 55 kg azpiko kategorian, 4. postua lortu du hiru balorazioetan, abiadan 56kg, jasotze-altxatzean 71 kg eta totalean 127 kg altxatuz. Azkenik, Ainhoa Urquiolak, 64 kg azpiko kategorian, 7. egin du abiadan (51 kg), 6. jasotze-altxatzean (67kg) eta 6. totalean (118 kg).
Mutiletan, Erik Expositok, 55 kg azpiko kategorian, 6. geratu da balorazio guztietan, abiadan 64 kg, jasotze-altxatzean 75 kg eta totalean 139 kg altxatuz. Jakes Etxeberriak, 61 kg azpiko kategorian, 9. postua lortu du abiadan (72 kg), 16. postua jasotze-altxatzean (78 kg) eta 15. totalean (150 kg). Azkenik, Alex Balenciagak, 96 kg azpiko kategorian, sekulako txapelketa izan du. Hiru domina ekarri ditu, abiadan zilarra (100 kg), jasotze-altxatzean urrea (124 kg) eta totalean zilarra (224 kg) lortuz.
Honekin amaitzen dira taldearentzat Estatu mailako txapelketak, hiru domina horiek lorturik zapore gozoaz itzuliz etxera. Urtea amaitzeko, taldeari abenduan Gipuzkoako Taldekako Txapelketa lehiatzea geratzen zaio, honen data eta kokalekua erabakitzeke daudelarik.