Zarautz
Espainiako Halterofilia Txapelketa Juniorra Lizardi kiroldegian asteburu honetan64 mutil, 81 neska, 90 entrenatzaile eta 22 epaile bilduko ditu lehiak bi egunoetan
Kirol festa handia bizi ahal izango dute halterofilia zaleek asteburu honetan gure herrian, Zarauzko Kirol Elkarteko Halterofilia atalak antolatuta, Espainiako Txapelketa Juniorra jokatuko baita Lizardi kiroldegian. Atzo irekiera ekitaldia izan zen eta asteburu honetan lehia ikusgarria egongo da bertan.
Espainiako Halterofilia Txapelketa Juniorra (sub-20) Lizardiko kirolgunean egingo da bi tarimatan banatuta eta bertaratzen direnek doan sartu ahal izango dute kirolarien lana zuzenean bizitzeko.
Parte-hartzaile kopurua ikusgarria izango da, 64 mutil, 81 neska, 90 entrenatzaile eta 22 epaile bilduko ditu txapelketak gure herrian, halterofiliaren etorkizuneko izarrak nor izango diren erakusteko.
Hauen artean sei zarauztarrek lortu dute txapleketara sailkatzea, eta hiru entrenatzaile eta lau epaile zarauztar ere jardungo dira bertan. Hauen artean Malen Monasterio, berriki Munduko Txapelketan 7. postua eta Europako Junior Txapelketan zilarrezko domina lortu duena.
Atzo iluntzean egin zen txapelketaren hasiera ofiziala Lizardi kiroldegiko pistan. 20:00etan ekin zioten ekitaldi berezi eta hunkigarri batekin. Bertan, Esteban Collantesi egin zitzaion omenaldia, 2008tik 2025era ZKEko presidentea izan zena, duela gutxi zendu da. Inaxio Illarramendi, Zarauzko Kirol zinegotzia; Jon Mendizabal, ZKEko presidentea; eta Constantino Iglesias, Espainiako Halterofilia Federazioko presidentea izan ziren bertan.
Gaurko lehiaren egutegia honakoa da; 1. tanda (9:40) emakumeak: 53B, 58B, 86B eta 48. Dominen banaketa: 86 eta 48.
2. tanda (12:00) emakumeak: 58A, 77 eta +86. Dominen banaketa: 58, 77 eta +86. Lide Mendizabal (Zarautz), Tarima A, 12:00.
3. tanda (14:20) emakumeak: 69 eta 71. Dominen banaketa: 69 emakumeak eta 71 gizonezkoak.
4. tanda (16:40) emakumeak eta MAS: 63 (emakumeak) eta 88 (MAS). Dominen banaketa: 63 emakumeak eta 88 gizonezkoak. Ainhoa Urquiola (Zarautz), Tarima A, 16:40.
5. tanda (19:00) emakumeak eta gizonezkoak: 53A, 94, 101 eta +110. Dominen banaketa: 53 emakumeak eta 94, 101 eta +110 gizonezkoak. Lore Mendizabal (Zarautz), Mara Monasterio (Zarautz) eta Malen Monasterio (Zarautz), Tarima A, 19:00etan. Alex Balenciaga (Zarautz), Tarima B, 19:00. Egunaren amaieran banatuko dira marka onenen eta emakumezkoen federazioen sariak.
Biharko egutegia honakoa izango da; 6. tanda (10:00) gizonezkoak: 79B eta 65. Dominen banaketa 65. 7. tanda (11:30) Tarima gizonezkoak: 79A eta 60. Dominen banaketa: 60 eta 79. Amaieran, gizonezkoen marka onenen eta federazioen sari banaketa.
Deialdi berezia zarauztarrei
Zarauztarrei deialdi berezia egin zaie Zarauzko Kirol Elkarteko Halterofilia ataletik. «Antolakuntzak Zarauzko herritar guztiei, bereziki halterofilia inoiz praktikatu dutenei, gonbidapena luzatzen die txapelketara etor daitezen eta beren belaunaldiko kideekin argazki berezia ateratzeko».
Argazki orduak honako hauek izango dira: larunbata, 11:30ean, 1950eko hamarkadan jaiotakoak; 14:00etan, 1960ko hamarkadakoak; 16:00etan, 1970eko hamarkadakoak; 18:30ean, 1980ko hamarkadakoak; 21:00etan, 1990eko hamarkadakoak. Igandean, 11:00etan, 2000ko hamarkadan jaiotakoak eta 13:00etan, 2010eko hamarkadakoak. «Zarauzko halterofilia zaleen belaunaldi guztien topaketa historikoa izango da hau!».
2024an izandako arrakastaren ostean –orduan sub-16 eta sub-18 Klub Kopa Nazionala eta Teknika Jardunaldi Nazionala antolatu zituen ZKE Halterofiliak–, orain Espainiako Junior Txapelketa dator herrira. Kirol maila gorena, antolakuntza bikaina eta herri osoaren babesa uztartuko dira berriz ere, ZKE Halterofiliaren eta Zarautzen kirolaren izen ona gorenera eramateko.
Gaur eta bihar, Lizardi pistan, etorkizuneko txapeldunak eta Zarauzko halterofiliaren historia batuko dira giro paregabe batean.