14 emanaldi eskainiko ditu Kalerkik lau egunetan banatuta

San Fermin egunean enzierroa izango da berriz./
San Fermin egunean enzierroa izango da berriz.

Uztailaren 4tik 7ra bitartean Zarauzko kaleak jendez beteko dira Kalerki XVI. Kale Antzerki Jaialdia dela eta

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Alkateak, Xabier Txurruka, eta kultur teknikariak, Olatz Azkue, Torre Luzeako parkean aurkeztu dute datorren astean ospatuko den Kalerki 2019, aurten 26. edizio beteko duen Kale Antzerki Topaketa.

Uztailaren 4tik 7ra bitartean burutuko den jaialdian, 14 emanaldi izango direla adierazi dute. Bere lana eskainiko duten konpainien %50 Euskal Herrikoak izango dira eta gainerakoak kanpokoak. Azken horien arteko bi atzerritarrak dira, Frantziakoak eta Keniakoak hain zuzen ere.

Emanaldiak

Osteguna
Jule 19:00 Frontoi Txiki. Basoa 20:00 Munoa. Calor 21:30/23:00 Torre Luzea. Vida 22:00 Villa Manuela.
Ostirala
Gu Agustina 19:30 Frontoi Txiki. Manez eta Kobreak 20:00 kalez-kale. Vida 22:00 Villa Manuela. The Black Blues Brothers 22:30 Munoa. Tour Vacanal 23:30 Frontoi Txiki.
Larunbata
We-Ding! 18:30 Munoa. Prozak 19:00 Frontoi Txiki. Tout ira bien 20:00 Lege Zaharren enparantza. Benditas 18:30/19:30/20:30 Larrosategia. No sin mis huesos 23:00 Munoa.
Igandea
Zezenak 18:30 Kalean.

Jaialdiaren lehenengo hitzordua uztailaren 4an izango da, hurrengo ostegunean. Hortzmuga konpainiak 'Jule' antzezlana eskainiko du, umorea eta fantasiaz betetako emanaldia adin guztietako publikoarentzat. Frontoi Txikin izango da ikusgai 19:00etan. Ondoren, 20:00etan, Munoan, 'Basoa' dantza pieza eskainiko du Dantzaz konpainiak, dantzaren bitartez errefuxiatuen esperientziak azaltzeko.

Jarraian, Jean Philippe Kikolas taldeak 'Calor' ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko ditu, 21:30ean eta 23:00etan, Torre Luzea parkean. Etxerik gabe bizi den hainbat pertsonaren arazoan oinarritu da, etxetik ihes egin behar izan dutenen egoeran. Emanaldi hau ikusteko ezinbestekoa izango da aurretik txartela eskuratzea Modelo Aretoko takilan.

Eguna bukatzeko, Villa Manuelako (Photomuseum) frontoian, 22:00etan, Javier Aranda eta bere eskuak izango ditugu oholtza gainean, 'Vida' ikuskizunarekin. Formatu txikiko emanaldia, artista haundi baten eskuetatik, emanaldi ikusgarri batekin. Larunbatean ordu eta leku berean bigarren saioa eskainiko du. Aurrekoarekin bezala, emanaldia ikusteko ezinbestekoa izango da aurretik txartela eskuratzea.

Bigarren eguna

Ostiraleko emanaldiei Ereintza Dantza Taldeak emango die hasiera. 'Gu Agustina' ikuskizunarekin. Pilota, emakumea, bertsolaritza, musika eta dantza uztartuko dira Frontoi txikian, 19:30ean. Arratsaldeko 20:00etan, 'Manez eta Kobreak' abiatuko dira Modelo Aretotik Kalerkiko bigarren egun honetan. Musikariak eta sorpresa, kalez kale.

Akrobaten emanaldi ikusgarria ikusteko parada izango da Munoan, gaueko 22:30ean, publiko ororentzat. 'The Black Blues Brothers' konpainiak Blues Brothers musika talde ezagunaren estetika eta musika oinarritzat hartuta emanaldi borobila eskainiko du.

Eta gauari amaiera egokia emateko De Vacas talde galiziarrak musikarekin emango dio agurra ostiralari. Musika eta umorea izango dira protagonista Frontoi Txikin, 23:30etatik aurrera. Hiru emakumek betiko kantak beste era batera moldatu eta interpretatuko dituzte.

Hirugarren eguna

Kalerkiko hirugarren eguna, larunbata, gogotsu hasiko da ezkontza batekin, 18:30ean, Munoan. Los Moñekos dantza taldeak antzerkiaz, umoreaz eta maitasunaz gozatzera gonbidatzen ditu guztiak. 'We-Ding!' du bere lanak izenburua.

Akrobaziek eta umoreak ere bere lekua izango dute Malas Konpañias Zirko Talderen 'Prozak' ikuskizunean. Euskal talde honek, publiko guztientzako ikuskizuna ekarriko du, Munoatik hasi eta Frontoi Txikira bitartean kalez kale ibiliko dira, 19:00etan hasita.

Clown eta keinu antzerkia gustuko dutenek Frantziako Cie dé-Chainee konpainiaren 'Tout ira bien' ikuskizunaz gozatzeko parada izango dute, 20:00etan, Lege Zaharren enparantzan.

El Mono Habitado konpainiak 'Benditas' antzezlanaren hiru emanaldi eskainiko ditu Larrosategian: 18:30, 19:30 eta 20:30ean. 20 minutuko saioetan, mendian dabiltzan bi emakume artzaini Ama Birgina azalduko zaie eta... Emanaldi hau ikusteko ezinbestekoa izango da aurretik txartela eskuratzea Modelo Aretoko takilan. Larunbata bukatzeko, 23:00tan, Munoan, Iron Skull konpainiak Miguel de Cervantes idazlearen biografia aztertuko du, 'No sin mis huesos' dantza emanaldian.

Zezenak azken egunean

Kalerki 2019a uztailak 7an amaituko da, San Fermin eguna, eta azken urteetan egin den bezala txupinazoa eta Zezen Puzgarriak izango ditugu kalean gora eta behera, 18:30ean.

Tik Tak Producciones nafar taldea arduratuko da Iruñako kale itxura ematen gure alde zaharrari. «Jantzi zuriak eta zapi gorriak soinean dituzuela etorri» eskatu dute antolatzaileak benatako San Fermin eguna denok igaro dezagun.

Aipatu den bezala, ikuskizun batzuk ikusle kopuru mugatua izango dute, Calor, Viva eta Benditas. Emanaldi horiek ikusteko ezinbestekoa izango da txartela eskuratzea. Horretarako, txartela Modelo Aretoko txarteldegian 17:00tatik aurrera egunero eskuratu ahal izango dute interesa dutenak.

Txartelak doan dira, ez da ezer ordaindu behar. Aurreko edizioetan ere honelako egoerak gertatu izan dira eta orduan aurretik eskuratzen ziren txartelak baina gero emanaldia hasten zenean espero baino jende gutxiago azaltzen zen, arrazoi ezberdinagatik. Horrek bultzatu du antolaketa, egunean bertan txartela hartzera joateko eskatzera.