Emakumezkoen seniorrak ez dira finalean egongo

Asteburuko berri txarrak emakumezkoen senior taldetik datoz. Beñat Jauregiren neskak larunbatean finalerdien itzulerako partida jokatzen zuten. Donostiko Alde Zaharraren etxean 5 puntuz galdu zuten 46-41 eta finalera sailkatzeko 6 edo puntu gehiagoz irabazi behar zuten. Finalera sailkatzeak bazuen beste sari, bi finalistak mailaz igotzen bait ziren.

Lehen laurdenean gureak ez ziren batere ondo atera eta 10-13 galtzen hasi ziren. Dena den, bigarren laurdenaren hasieran taldearen minuturik onenei esker 21-13 jarri ziren. Hortik aurrera Beñat Jauregiren neskak partida guztian aurretik joan ziren, baina abantaila handiena ez zen 9 puntukoa baino izan. Tarte txikia kanporaketa ixteko; 3 minutun faltan 0-7 partziala jaso zuten zarauztarrak eta 43-42 hurbildu ziren donostiarrak. Etxekoak 47-42 jartzea lortu zuten, baina donostiarren azken saskiratzeari esker finalerako txartela beraientzat izan da.

Ez da amaiera atsegina izan Beñat Jauregiren taldearentzat. Denboraldian zehar bikain aritu arren, bi partida bakarrik galduz, ezin izan dute merezitako amaiera jaso.