Doako fitness tailer desberdinak hilabete honetan Aritzbatalde kiroldegian

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZARAUTZ.

Apirilean fitness tailerrak eskaintzen ari dira Aritzbatalde Kiroldegian, apirilaren 11n izan zen lehenengoa. Hilero tailer ezberdinak eskainiko dira, eta kiroldegiko harreran eman behar da izena, plaza mugatuak baitaude.

Helburua kiroldegian dauden baliabide materialak era egoki eta seguruan erabiltzen ikastea izango da, ordu-erdiko iraupena izango duten tailer txikien bitartez. Bertan, begiraleek gidatuko dute saioa eta gerturatzen direnei entrenatzeko metodologia ezberdinak, gomendioak, eta orientabideak emango dituzte.

Doako zerbitzua da bazkideentzat. Bazkide ez den norbaitek hurbildu nahi izanez gero,berriz, eguneko sarrera ordaindu beharko du.

Honela, atzo 'Bosu' tailerra egin zen. Airez beteriko gomazko sasiesfera honek milaka entrenamendu aukera eskaintzen ditu. Apirilak 24rako, 'Fitball' tailerra eskainiko da: airez beteriko pilota haundi hauekin indarra, malgutasuna, tonua eta beste hainbat gaitasun landu daitezke. Bestalde, apirilak 26 'Kettlebell' tailerra: 'Mankuerna errusiarrak' gisa ere ezagutzen dira, eta indar entrenamendua osatzeko ezin hobeak dira, horiek dibertigarri eta erakargarri bihurtuz. Azkenik, apirilak 30 TRX tailerra: Suspentsioan egiten den entrenamendua, gorputzaren pisua erabiliz indarra, oreka, koordinazioa eta abar lantzen dira.