Dena prest Pagoeta Mendi Lasterketarako

Aurkezpena. Iñigo Gartzia, Monika Aramburu eta Gari Urdampilleta, mamorroekin./ETXEBERRIA
Aurkezpena. Iñigo Gartzia, Monika Aramburu eta Gari Urdampilleta, mamorroekin. / ETXEBERRIA

Datorren igandean ospatuko da, bi ibilbiderekin: nagusia (21 kilometro) eta mistoa (8 kilometro) Ibilbide nagusirako dagoeneko 205 korrikalarik izena eman dute eta mistorako 68 bikoteek

ANTXON ETXEBERRIAZARAUTZ.

Datorren igande honetan, hilaren 28an, Pagoeta Mendi Lasterketaren 16. edizioa izango da, eta azken urteetan bezala bi ibilbide izango dira aukeran: ibilbide nagusia (21 kilometrokoa) eta ibilbide mistoa (8 kilometrokoa). Momentuz, ibilbide luzerako 205 lasterkarik eman dute izena eta lasterketa mistorako 68 bikoteek. Izen emateak zabalik jarraitzen du.

Iñigo Gartzia eta Gari Urdampilletak, Monika Aramburu korrikalariaren laguntzarekin, aurtengo xehetasunak jakinarazi zituzten. Esan zutenez, «edizio honek berezitasun bat izango du. Izan ere, aurten Kilometroak Zarautzen izango direnez, eta lasterketa Salbatore Mitxelenak antolatzen duenez, bi ekimenak nolabait uztartu nahi izan ditugu, eta horregatik lasterketa Kilometroak jaiaren programazioaren barne joango da. Eta horrexegatik ekarri ditugu Kilometrotako mamorroak aurkezpen honetara».

Ibilbide nagusiari dagokionez, 21 kilometroko distantzia eta 900 metroko desnibel positiboa dauka. Ibilbide zirkularra da, eta 2 zati nagusitan banatu daiteke: bata goranzko zatia, Saberri aldetik Pagoeta mendiko gurutzera eta Murukil tontorrera eramaten duena; eta bestea beherako zatia, Laurgain aldetik jaisten dena. Esan beharra dago lasterketa Pagoeta Kontserbazio Bereziko Eremutik igarotzen dela, hain zuzen ere 7. eta 16. Kilometroen arteko zatian. Ibilbide nagusiak teknikoki ez dauka aparteko zailtasunik, baina 3 orduko denbora-muga ezarri da; beraz, lasterketa denbora barruan burutu ahal izateko mendian eskarmentu pixka bat behar da; ez da mendian hasiberriak direnentzat gomendatzen.

Ibilbide nagusiaz gain, ibilbide mistoa ere izango da, 8 kilometroko distantziakoa, neska-mutilez osaturiko bikoteka egiteko. Ibilbide mistoa oso aproposa da mendi-lasterketen munduan sartzeko: desnibel gutxiko ibilbidea da, zailtasun teknikorik gabekoa, eta ariketa fisikoa erregularki egiten duen edonork burutzeko modukoa. Mendi-lasterketak ezagutu nahi dituenarentzat aukera paregabea.

Aurten, Frantseskoa bideko obrak direla eta, bi ibilbideetan moldaketa batzuk egin behar izan dira. Ibilbide nagusian lehen kilometroari eragingo dio, eta Ariziako aldapatik joango da lasterketa, gero handik berriro Abendañora jaitsi eta betiko ibilbidea jarraitzeko. Ibilbide mistoan berriz azken kilometroan emango da aldaketa, La Salle aldetik pasa beharko delarik herrira.

Ibilbide bat edo bestea aukeratu, biek ematen dute aukera on bat Zarautz eta Aia inguruko bideak eta bazterrak ezagutzeko, eta baita ere mendiaz erabat disfrutatzeko, beraz hori ere arrazoi on bat izan daiteke parte hartzeko, lehiatik haratago.

Gain-sariak errekorrentzat

Iaz sartu zuten berrikuntzari jarraipena emanez, gain-sariak egongo dira errekorrak hausten dituzten irabazleentzat: 200 euroko saria probaren errekorrak gainditzen dituenari, bai ibilbide nagusian zein mistoan. Ibilbide nagusian hautsi beharreko markak hauek dira: gizonezkoetan 1:33:26 (Andreu Simon) eta emakumezkoetan 1:50:49 (Maite Etxezarreta). Ibilbide mistoan, berriz, gainditu beharreko marka 36:03 izango da.

«Dena den, lasterketaren izaera herrikoia mantendu nahi dugu, eta horregatik ez gara ahaztu parte-hartzaile arruntetaz. Izan ere, parte-hartzaileek kamiseta bana jasoko dute, eta baita ere jaki goxoez osaturiko poltsa bat. Gainera, hainbat opari zozkatuko dira parte-hartzaile guztien artean, eta helmugan hamaiketako eder bat eskainiko zaie parte-hartzaile zein ikusleei», diote antolaketa taldetik.

Gogorarazi zuten amaitu aurretik, lasterketa ibilbide nagusiarekin hasiko dela goizeko 9.30tan, kiroldegi aurrean, eta ibilbide mistoa berriz 9:45etan, leku berean. Helmuga ere Kiroldegiaren aurrean kokatuko da. Oraindik izena emateko aukera dago igandea bitartean. Izena emateko eta informazio gehiago: rockthesport.com webgunean.