Zarautz
46. Bikote Mistoen Zarauzko Krosa 800 bikoteren bila doaHamabost egun falta dira lasterketarako eta dagoeneko 600 bikotek eman dute izena
ZKEko rugby atalak antolatzen duen Bikote Mistoen Krosa daytorren azaroak 29an lehiatuko da. 46. edizioa beteko du eta aurten astebete lehenago datorkigu. Arrazoia zera da, abenduko lehen asteburua, orain arte hautatutako data, ez da oso egokia aurten zubia egongo baita eta agian horrek partaidetzari kalte egin diezaioke.
Hori horrela, dena prest dute antolatzaileek aurtengo lasterketan 800 bikotetik gora korrika ikusteko. Urtez urte gora doa bikoteen kopurua eta dagoeneko, lasterketa egiteko hamabost egun geratzen diren honetan, 600 bikotek eman dute izena.
Probak urteroko luzera izango du, 7,9 kilometro, lauak eta herriko kaleetan zehar ibiliko dena. Baina aldaketa bat izango du joan den urtekoarekin alderatuz. Hiru itzuli izango dira berriro, baina 2024ko lasterketan korrikalariak nahastu egin ziren lehen itzuli handia egin ondoren eta horregatik aurtengoan lehen itzuli laburra egingo da, ondoren luzea eta azkena berriz laburra.
Irteera beti bezala Aritzbatalde kiroldegi aurrean emango zaio, asfaltatu berri den Araba kaletik eta helmuga Lege Zaharren enparantzan izango du. 11:00etan emango zaio hasiera eta egunean bertan izena emateko aukera izango da goizeko 10:00ak bitartean. Hori bai, egunean izena emateak 33 euro balioko ditu eta aurrez www.herrikros.eus weborrian egin ezkero 30 euro izango dira.
Bikoteek, kamiseta eta pintxoa (txorizo eta salda) barne izango dute izen ematearekin batera. Bestalde herriko denda eta ostalaritzari esker, sari ugari zozketatuko dira partaideen artean. Sailkapenari dagokionez lasterketako hiru lehen bikoteak sarituko dituzte eta baita hiru lehen zarautar bikoteak ere.
Boluntarioak beharko dira noski eta animatzen direnak Kros mistoko istagramean sartu eta eman izena laguntza emateko. Bestalde norbaitek bikotea falta badu, idatzi baita zeren zerrenda bat izaten da eta osatu daitezke bikote berriak. Batek min hartu duela edo bikoterik aurkitzen ez duelako ez dadila geratu etxean.
Dortsalak jasotzeko azaroak 29, larunbatean, 16:30etik 18:30era eta azaroak 30, igandean, 9:00etatik 10:30era Aritzbatalde pilotalekuan. Korrika egiteko asmorik ez dutenei antolakuntzak animatzen ditu ibilbidera hurbildu eta bikoteei babesa ematera, ikuskizuna bikaina izaten bai da urtero.