'Barbacana. La huella del lobo' dokumentala gaur ikusgai

Gaurko dokumentalaren kartela./
Gaurko dokumentalaren kartela.

Arkamurka Natura Elkarteak mende erdia betetzen duela eta natura dokumentaldia prestatu du

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Arkamurka natura-elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten eta urtemuga hau ospatzeko ohiko egitarauaz kanpo bestelako ekimenak ere prestatu dituzte. Lehen aldiz hainbeste urtetan, natur balioak eta gure ingurune naturala ezagutarazteko naturari buruzko dokumental sorta eskaintzen ari dira otsailetik iraila bitartean (udako hilabeteak salbu). Hilaren azken asteartetan eskaintzen dira, 20:00etan Modelo aretoan baina pazko astea tartean zegoenez apirileko emanaldia astebete atzeratu zen eta gaur ikusgai izango da. Sarrera doakoa da.

'Barbacana, la huelle del lobo' dokumentala da gaurko iragarrita dagoena. Natur dokumental honek abeltzain eta otsoen arteko gatazka aztertzen du. Filmak Sierra Morenatik Kantauri Mendilerroraino garamatza, non otso talde baten eguneroko erakusten zaigun egunez egun egindako jarraipenari esker. Gaztela-Leon eta Andaluzian babestutako natur gune ezberdinetan grabatu zen dokumentala; zehazki, Babia eta Luna, Picos de Europa, Fuentes Carrionas eta Fuente Cobre Palentziako Mendietan, Sierra Norte de Sevilla eta Sierra de Cardeña natur parkeetan.

Dokumentalaren ondoren izango den forum saioan hizlari hauek izango dira, Joxerra Aihartza Azurtza, biologoa, ikerlaria eta EHUko irakaslea eta Arturo Elosegi Irurtia, biologoa, ikerlaria eta EHUko irakaslea. Giza jardueren ondorioz natur kontserbazioak gurean dituen mugak aztertuko dira. Natur ondarearen eta bioaniztasunaren mugak zeintzuk diren zehaztu eta horiez hausnartuko dute bertaratzen direnak.

Orkideak ikustera

Bestalde, datorren igandean orkideak ikustera joateko irteera dago Arkamurkakoekin Iruñaldeko Ezkidi mendira. Irteera goizeko 8:00etan egingo da eta elkartzeko Arkamurkako lokal aurrera (Santa Marina kalean) azaldu behar dute interesatuak. Goiz buelta izango da.

Hamaiketakoa eta ura, bakoitzak berea eraman beharko du. Izen ematea posta elektroniko bidez egin daiteke aleiza1@hotmail.com helbidera idatzita edo 655722399 (Aitor Leiza) telefono zenbakira deituta. Ostiralak 3 izango da azken eguna apuntatzeko (kotxeak antolatu behar dira).

Azken urteetan bezala, aurten ere orkideei tarte bat eskaintzekoak dira Arkamurka elkarteko kideak, hori dela eta aurten Iruñaldeko Añezkar herritik abiatuta Ezkidi mendira igoko dira bertoko landarediaz gozatzera. Erkametz baso polita dago bertan eta beraz klima mediterranear influentziako mendia da. Igotzeko erraza da eta 10 orkidea mota baino gehiago ikusteko aukera dago. Orkideaz aparte landare interesgarri gehiago ere badaude eta landareriaz gehiago ikasi nahi duenarentzat aukera paregabea izango da.