'Barbacana, la huella del lobo' dokumentala astebete atzeratu da

Arkamurka. Natura elkarteak 50 urte betetzen ditu emanaldi bereziak antolatuz. / AMAXKAR
Arkamurka. Natura elkarteak 50 urte betetzen ditu emanaldi bereziak antolatuz. / AMAXKAR

Arkamurka Natura Elkarteak 50 urte betetzen dituela eta, natur dokumentaldi sorta prestatu du

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Arkamurka natura-elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten. Urtemuga hau ospatzeko, ohiko egitarauaz kanpo bestelako ekimenak ere prestatu dituzte. Lehen aldiz hainbeste urtetan, natur balioak eta gure ingurune naturala ezagutarazteko naturari buruzko dokumental sorta eskaintzen ari dira otsailetik iraila bitartean -udako hilabeteak salbu-. Hilaren azken asteartetan eskaintzen dira, 20:00etan Modelo aretoan. Gogoratu baita, natur dokumental hauen ostean foruma egiten dela.

Hilabete honetarako iragarrita zegoen natur dokumentala, 'Barbacana, la huelle del lobo' aste honetan iragarrita zegoen, baina antolakuntzak ikusi du Pazko-astearen barne egonda, agian ez zela une aproposena emanaldi hau egiteko eta horrenbestez astebete atzeratzea erabaki dute.

Datorren ostegunean, maiatzak 2an, emango dute dokumental interesgarri hau, arratsaldeko 20:00etan izango da Zarauzko Modelo aretoan. Sarrera doakoa izango da.

Otso taldea jarraituz

Natur dokumental honek abeltzain eta otsoen arteko gatazka aztertzen du. Filmak Sierra Morenatik Kantauri mendilerroraino garamatza, non otso talde baten egunerokoa erakusten zaigu egunez egun egindako jarraipenari esker. Gaztela-Leon eta Andaluzian babestutako natur-gune ezberdinetan grabatu zen dokumentala, zehazki, Babia eta Luna, Picos de Europa, Fuentes Carrionas eta Fuente Cobre Palentziako Mendietan, Sierra Norte de Sevilla eta Sierra de Cardeña natur- parkeetan.

Dokumentalaren ondoren izango den forum saioan hizlari hauek izango dira, Joxerra Aihartza Azurtza eta Arturo Elosegi Irurtia, biologo, ikerlari eta EHUko irakasle biak. Giza jardueren ondorioz natur kontserbazioak gurean dituen mugak aztertuko dira. Natur ondarearen eta bioaniztasunaren mugak zeintzuk diren zehaztu eta horiez hausnartuko dute bertaratzen direnak.

Uda aurreko azken dokumentala ikusteko aukera izango da maiatzeko azken ostegunean, 'Lurraren bidean: Euskal Herriko arroketan idatzitako historia'. Uda ondoren, irailean, aldaketa klimatikoaren gaiari helduko diote 'Chasing ice' dokumentalaren bidez. Gainera, aurtengo 40. Natur Astean gai hau landuko dute eta dokumentalarekin emango diote hasiera.

Natur dokumentaldia ekimen berezia izango da aurten, baina urteroko egitarauarekin ere jarraituko du Arkamurkak. Horrela, hilabete honen hasieran XXI. Astronomia Astea ospatu zuten. Urriaren azken astean, berriz, XL. Natur Astea. Eta bitartean, hainbat irteera eta hitzaldi aurreikusten dituzte.