Autodefentsa feminista ikastaroa antolatu du Udalak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZARAUTZ.

Zarauzko Udalak autodefentsa feminista ikastaroa antolatu du, iaz bezala, udaldirako. Ikastaro hauetan parte hartzen duten emakumeek erasoak identifikatzen, indarkeria bere arlo guztietan nondik datorren eta nola eraikitzen den ikasiko dute, bai eta ekartzen dituen ondorioak ere. Era berean, mekanismoak eta jarduerak ikasteko aukera izango da bertan, eguneroko bizitzan gertatzen diren erasoei erantzuna eman eta konpontzeko. Indarkeriaren inguruan dauden mitoak eta errealitateak aztertuko dira eta horien ondorio indibidual eta kolektiboak baloratuko dira: emakumeek erasoetatik babesteko eskubidea dutela eta erasoa salatzea beharrezkoa dela jakitea eta indarkeria sexistaren arrazoiak aztertzea; eta eguneroko bizitzan emakumeek jasaten dituzten erasoetatik nola defendatu erakustea, besteak beste.

Ikastaroa teorikoa eta praktikoa izango da eta Maitena Monroyk bideratuko du. Maitenak urte asko daramatza autodefentsa feminista ikastaroak bideratzen eta hainbat euskal erakunde feministetan militatu egin du. Egun, FeministAlde kolektiboko kidea da. Ikastaroa uztailaren 4 eta 5ean izango da, 10.00etatik 14.00etara, Aritzbatalde kiroldegiko aretoan, eta doakoa izango da. Parte hartzeko Berdintasun sailean eman beharko da izena, 943.005117 telefonora deituz edo berdintasuna@zarautz.eus helbide elektronikora mezua bidalita.

Diru laguntzak

Bestalde, Zarauzko Udalak Berdintasun saileko diru-laguntzak emateko 2019 urteko deialdia egin du. Laguntza ekonomiko hauek berdintasunaren alde edo/eta indarkeria matxistari aurre egitearen alde proiektuak edo programak egiten dituzten pertsonek edo irabazi asmorik gabeko erakundeek eskatu ahal izango dituzte. Deialdia, ekainaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da eta eskaerak aurkezteko epea uztailaren 15ean amaituko da.

Berdintasun sailak 15.000 euro bideratuko ditu laguntzak emateko eta 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean burututako jarduketak lagunduko ditu. Eskatzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte, oinarrietan daude baldintza guztiak zehaztuta, eta programan edo jardueran genero ikuspegia txertatu behar dute.

Oinarri bereziak, deialdia eta eranskin guztiak Berdintasun saileko blogean (www.berdintasunazarautz.wordpress.com) eskura daitezke.