'Artxipielagoa' ikuskizunaren azken emanaldia bihar iluntzean Modelon

Andoni Egaña, Garikoitz Mendizabal, Nekane Iribar zinegotzia eta German Ormazabal. /  ETXEBERRIA
Andoni Egaña, Garikoitz Mendizabal, Nekane Iribar zinegotzia eta German Ormazabal. / ETXEBERRIA

Ainhoa Garmendia, Andoni Egaña, Garikoitz Mendizabal, Pello Ramirez eta German Ormazabal dira protagonistak

ANTXON ETXEBERRIA

Guztira 22 emanaldi ondoren, 'Artxipielagoa' ikuskizunaren azken emanaldia bihar izango da Zarautzen, arratsaldeko 20:00etan Modelo areto eraberrituan. Ikuskizunak oso ondo funtzionatu du orain arte, 10.000 ikusle inguruk ikusi dute eta biharkoan ere aretoa betea aurkituko dute seguraski protagonistek.

Emanaldiko aurkezpenean Andoni Egañak gogoratu zuen bezala, «orain bi urte eta erdi Zarautzen bertan elkartu ginen German Ormazabal pianojolea, Garikoitz Mendizabal txistularia eta ni neu. Handik hasi ginen ideia garatzen eta ondoren Ainhoa Garmendia sopranoa, Pello Ramirez txeloa eta trikitiarekin eta Belen Ibarrola irudi eta jazkeraren arduradun modura gehitu zitzaizkigun. Kultur sormen desberdinetako partaideak gara: txistua, bersoa, pianoa ..., baina bat egin dugu ikuskizunerako».

Emanaldiaren lehen zatian Ainhoa Garmendia sopranoak garai bateko, XIX. Mendeko euskal ondare tradizionaleko kantak abesten ditu eta bukaeran azken 40 urtetako abesti ezagunak abesten dituzte ikusleen laguntzarekin, pantailan irakur daitezken abestiak.

Dudarik gabe, berezia izango da azken emanaldi hau eta aipatutako kultur sortzaileekin batera, biharkoan azken hiru urteetan Euskal Herriko dantza txapelketaren irabazleak izan diren Idoia Besada eta Xabier Artola izango dira dantzan

Sarrera erdiak salduak daude, baina gelditzen diren sarrerak erosteko, Modelo aretoko takila aurretik zabalduko da. Sarrera 10 eurotakoa izango da.