Artisau Eguna Artezaleak elkartearekin, ikusi, ikasi eta erosi

Eskaintza. Zabala aurki zuten Lege Zaharren enparantzara gerturatu ziren herritarrek / AMAXKAR
Eskaintza. Zabala aurki zuten Lege Zaharren enparantzara gerturatu ziren herritarrek / AMAXKAR

Bertaratu zirenek artisau lan ezberdinak ikusi eta erosteko aukera izan zuten Lege Zaharren enparantzan

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Artezaleak erakundeak antolatuta, joan den igandean XXIX. Artisau Eguna ospatu zen egun osoan zehar Lege Zaharren enparantzan. Hego Euskal Herri osoko artisauen topagune bilakatu zen berriro ere gure herria eta eskaintza zabalarekin, postu ugari izan baitziren bertan artisau lan ezberdinekin.

Herriko ordezkaritza ere izan genuen bertan. Hauen artean, Ane Franko topatu genuen azoka amaierara hurbiltzen ari zenean eta berak egunean ikusitakoaren berri eman zigun.

Bururako turbanteak eta horrelakoak egiten ditu Anek eta baita pitxiak ere. Ez da bere ogibidea baina artisau fina izateaz gain, azoketan parte hartzen du eta aurtengo Artisau Azokaren laburpena hau egin zuen: «goiza nahiko polita izan da, zerua lainotuta zegoen eta agian horrek lagundu du eta gero arratsaldean eskasagoa izan da. Udara da eta jendea berandu mugitzen da».

Lekuaren eragina

Beste artisauekin hitz egin ondoren, «azoka eskas joan dela diote gehienek. Nik, egia esan, ondo saldu dut, tamainan eta gustura nago. Egun hau betidanik berezia izan da eta ondo joaten zaie kanpotik datozen artisauei, etortzeko eske izaten dira. Gero jakina, batzuentzat gauzak hobeto joaten dira eta besteentzat okerrago. Dena den, geuk Nahia elkartean antolatzen ditugun azoketan ere ikusi dugu salmenta kopuruak beherakada bat izan duela. Talogileak adibidez gaurkoan ez dira uste bezain pozik atera, hala adierazi didate eta agian lekuagatik izango ote den ere esan dute baina hori jakitea ez da erraza. Batzuk diote malekoia agian toki hobea izan daitekeela baina nork daki. Hondartzara doanak beste zerbait dauka buruan eta azoka bati agian ez dio arreta gehiegirik jarriko. Ez da erraza jakitea eta asmatzea».

Eguraldiak ere izaten du eragina azokara jendea erakartzean, «baina hor zer eginik ez daukagu, datorrena hartu behar. Dena den herriko jendeak badaki azoka hau dagoela, urte asko dira eta gaur herritar asko ikusi ditut hemen gora eta behera azoka ikusten. Ni azoka honetan hasi nintzen eta horregatik etorri naiz gaur ere eta zarauztarrek behintzat badute azoka honekiko lotura bat, etortzen dira. Kanpokoekin ezin da jakin zer gertatuko den».

Artisau azoka honetan denetatik aurkitzeko aukera izaten da urtero eta ikusi eta erosteaz gain ikasteko aukera ere bazegoen. Shibori tailerra eskaini zuen Itziar Unzurrunzagak, Japonian lantzen zuten eta oihalak indigoarekin.