Ardoaren kultura omentzen

Zurekin. Ostalaritza elkarteak Sagardo Eguna ere antolatzen du, baina gaur Ardo Eguna da. / AMAXKAR
Zurekin. Ostalaritza elkarteak Sagardo Eguna ere antolatzen du, baina gaur Ardo Eguna da. / AMAXKAR

Arabako Errioxako eta Gipuzkoako ekoizleen partaidetza izango du Ardo Egunak | Zarautzek ardoarekin lotutako urteko egitaraua borobilduko du gaur, izan ere, Txakolin eta Sagardo Egunak ere antolatzen baitira herrian

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Zarauzko herriak garrantzia handia duten enogastronomiarekin lotutako ekintzen urteko egitaraua Ardo Egunarekin borobilduko du gaur, eta aurtengoan Lanaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du festak.

Jai enogastronomikoak Euskal Herrian ere garrantzia handia duen edaria omenduko du. Hala, ekitaldiak Arabako Errioxako ospe handiko zortzi upeltegiren parte-hartzea izango du eta Gipuzkoako ekoizleak ere ez dira faltako hitzorduan. Ardo Eguna Zarauzko Zurekin ostalari elkartearen eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak egindako elkarlanaren emaitza da eta Zarauzko Turismo Bulegoaren babesa du.

Gaur langileen eguna da eta Zarautzen ardoarekin ospatzeko aukera izango dute. Jaiari 11:30ean emango zaio hasiera eta 15:00ak arte luzatuko da. Antolatzaileen esanetan, «eskualdeko gizarte, kultura eta ingurumenean egindako ekarpenagatik milurtean gurtua izan den edaria omenduko du festak». Arabako Errioxako ondoko zortzi upeltegik hartuko dute parte ekitaldi enogastronomiko berezian: Ruiz de Viñaspre, Muro, Loli Casado, Labastida-Solagüen, Mitarte, Hermanos Frías del Val, Laukote eta Ostatu. Gainera, Gipuzkoako ekoizleak ere bertan izango dira.

Besteak beste, ardo beltza eta zuri gazteak, bereziak eta kriantzak edateko aukera aparta izango da, Maisor Kontserbak prestatutako gatzetan jarritako antxoa eta antxoa gilda dituen pintxoarekin, edo Orortegi gaztak egindako artzain gaztaren pintxoarekin lagunduta. Gainera, Jose Maria Moreno eta Quintin Gutierrez urdaiazpiko ebakitzaileak bertan izango dira jaki gozoa eskaintzen. Trago bakoitzak 2 euroko prezioa izango du.

Bestalde, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak food truck baten bitartez bere eskaintza turistikoa azalduko du eta sari bikainak eskuratzeko zozketarako txartelak banatuko ditu, hala nola, upeltegietara bisitak, egonaldiak, bazkari eta afariak edo gida espezializatuek eskainitako esperientziak. Arabako Errioxa den Biosphere helmuga turistikoaren altxorrak ezagutzeko aukera ezin hobea izango da. Halaber, haurrentzako txoko bat jarriko da, Zurekinek antolatutako tailerrekin, Zarauzko Turismo Bulegoaren, familiei zuzendutako turismoaren sustapenean erreferente den instituzioaren estrategia turistikoarekin bat eginik.

Gaur ospatuko den Ardo Egunarekin, Zarautzek ardoarekin lotutako urteko egitaraua borobilduko du, izan ere, Txakolin Eguna eta Sagardo Egunak ere ospe handia dute herrian.

Más