Alproja, 40 urte antzerkiak egiten

Aritzbatalde pilotalekua txikia geratzen da Alproja taldearen emanaldia ikusteko. Bigarren urtez jarraian Munoatik kiroldegira eraman dute baina aurten ez zuten erabakiarekin asmatu. / AMAXKAR
Aritzbatalde pilotalekua txikia geratzen da Alproja taldearen emanaldia ikusteko. Bigarren urtez jarraian Munoatik kiroldegira eraman dute baina aurten ez zuten erabakiarekin asmatu. / AMAXKAR

Euskal Jai egunean toki berezia lortu du Alprojaren saioak, nahiz azken bi urtetan Munoatik kanpo egin emanaldia |

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Irailak 9a egun handia izaten da zarauztarrentzat. 1924tik Euskal Jai eguna ospatzen da herrian eta igandean giro ezin hobea izan zen berriro ere herriko bazter guztietan.

Giroa gainera zentzu guztietan. Festa giroa beti ziurtatua izaten da, baserritarrak goizean goizetik gaua luzatu arte kalean ibiltzen dira musika eta dantza uztartuz baina beste giroa, eguraldiari lotutakoa, ez da beti nahi bezalakoa izaten. Aurten eguraldi ederra egin du, nahiz eta aurrez kezka handiak izan.

Kezka horrek eragin zuzena izan zuen Alproja taldearen zereginean. Larunbatean erabakia hartu behar zela eta urteroko antzerkia berriz (joan den urtean bezala) Aritzbatalde kiroldegira eramatea erabaki zen.

1978tik antzerkiak egiten

Alprojarentzat aurtengoa saio berezia zen. 1978an egin zen lehen antzerkia Munoan, 'Ezkontza zaharra' irudikatuz. Ordutik hona ehunka zarauztarrek parte hartu dute emanaldi honetan, bakoitzak bere eginkizun ezberdinarekin eta beraiekin batera ikusle fidel izan diren hainbat eta hainbat herritar.

Aurrerapenak handiak omen ditugu gaur egun baina larunbatean antzerkiaren inguruan zer esana dutenek erabaki bat hartu behar zuten. Ez da erraza. Iragarpen asko zeuden. Batzuk eguraldi ona egingo zuela, txarra besteak. Azterketaren ondoren, erabakia, antzezlana Munoatik kiroldegiko pilotalekura eramatea izan zen, pasa den urtean egin zen bezala.

Eguraldi iragarpenak asmatu ez eta giro oso ona egin zuen egun osoan igandean

Gero gertatu zena aztertuz, garbi dago erabakia okerra izan zela. Jendeak nahiago du Munoan egitea eta tradizioak ere honela dio. Baina euria egingo bazuen? Orduan denak pozik. Esan bezala erabakia aurrez hartu beharra zegoen eta aurten ez dute asmatu baina erantzukizuna dutenak horretarako daude. Ea datorren urtean zeruak ere laguntzen duen eta berriro Munoan Alprojaren saioa ikusteko moduan diren zarauztarrak.

'40 sinfonia'

Izenburu hau zeraman antzezlana aurkeztu zuten Alprojako kideak. Zenbaki berezia izanik emanaldiak ere ezohiko ikuspuntua ekarri zuen, musikalarena, eta ikusleek Aritzbataldetik ateratzean esandakoaren arabera saio bikaina eta gustukoa izan zen gehienentzat.

Harro egon litezke muxutruk lanean hilabeteetan egon diren herriko neska eta mutilak, gizon eta emakumeak. Txalo zaparradaren saria jaso zuten amaieran eta hori izaten da azken finean Alprojan lanean dabiltzan guztien saririk handiena.

Eta ez oraingoak bakarrik. Berrogei urtetan hazia ereiten egon direnak ere gogoan izan zituzten eta emanaldiaren amaieran bertaratu ziren Alproja kide guztiak gonbidatu zituzten eszenatokira joan eta ospakizun handi honetara batzera. Euskal Jaiaren barne toki oso berezia du antzerki saio honek eta beste urte askotan jarraitzea espero dute zarauztarrek, hori bai, eguraldi iragarpenarekin hobeto asmatuz eta ahal den neurrian Munoan eginaz.

Euskal Jaia

Igandeak beste hainbat interes puntu eskaini zituen. Goizean kaleak musikaz eta baserritarrez betetzen joan ziren. Iturengo tunturroak, trikitilariak, txistulariak edo dultzaineroak kaleak alaitu zituzten.

Goiztarrak garai bateko herriko pertsonaiak irudikatu zituzten urteroko moduan eta eguerdian Musika Plazan eta Lege Zaharren enparantzan dantzarako nahikoa denbora izan zuten denak. Arratsaldean erromeriak jende asko eraman zuen Iñurritzako zelaira. Han ere giroa paregabea izan zen. Larrain Dan-tzarekin itzulerako erromeriari hasiera eman zitzaion eta gero gaua heltzen zihoan bezala batzuk nekeak jota etxera eta beste batzuk berriz, hasi berri zen gauaz gozatzera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos