Alderdi guztiak, lanerako «gogoz, ilusioz eta konpromisoarekin»

Hitz horiek nabarmendu zituzten atzo, udaletxe berriaren eraketa ekitaldian

A.E.ZARAUTZ.

Atzoko ekitaldia bukatu aurretik, alderdi bakoitzeko bozeramaileek hitz batzuk egiteko aukera izan zuten, eta entzundakoaren arabera, denak lanerako gogoz, ilusioz eta konpromisuarekin agertu ziren. Podemos-Equo Berdeak taldeko Ana Benitoren esanetara «legealdi berezia ilusioz hasten dugu. Eskerrik asko gure ahotsa udalera ekartzen lagundu duzuen herritarroi. Gure programa ez dator bat EAJ-rekin zenbait gaietan, besteak beste, azpiegitura, zerga politika edo ingurumena gaietan, baina lanerako borondatea daukagu», esan zuen.

Ondoren, Gloria Vazquez-ek (PSE-EE) hartu zuen hitza. «Orain lau urte alkatetzarako zurian bozkatu genuen, baina lau urte hauek ondo joan dira eta elkar jarraitzea gobernuan logikoa da; lan asko egin dugu elkar, nire ustez lan baliagarria eta bide berdinetik jarraitzeko asmoa daukagu, beti ere herritarren eta herriaren alde lanean». Gloriak, urte gogorrak bizi izan zituztela gogora ekarri zuen. «Garai zailak pasa ditugu, gogora ekarri behar dira berriz ez errepikatzeko. Hor, besteak beste, Jose Ignacio Iruretagoienaren hilketa. Udaletxeko batzar areto honetan plaka bat dugu bere ohorez».

Itziar Muruak (EH Bildu), bestalde, zorterik onena opa nahi izan zion Txurruka Jaunari, «hori herritarren eta herriaren mesederako izango baita». Beraiengan konfidantza jarritako herritarrak eskertu zituen; «ondo erantzuten saiatuko gara, gure onena emango dugula agintzen dugu. Ilusionatuta eta gogoz hasten dut niretzat etapa berria, eta oposiziotik baina herriaren alde lan egingo dugu». Itziarren esanetan, komunikazioa eta elkarlana ezinbestekoak dira, «gure udaleko lana eredu izan beharko luke». Amaitu aurretik, EH Bilduko bulegoa herritarrek irekieta aurkituko dutela adierazi zuen, «proposamen, kezka edo ideiak lasai azaltzeko».

Azkenik, Jesus Aranak (EAJ-PNV) hartu zuen hitza. «Hitza eman nahi dugu lau urte hauetan herriaren alde lan egingo dugula, zarauztar eta interes orokorraren alde, gardentasunez, zintzo, apal eta gizalegez. Gutxi agindu eta agindutakoa beteko dugula».