Aita Colomaren 'Gela urdina' eta Salbatore Mitxelenaren liburuxkak argitaratu dituzte

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZARAUTZ.

Zarauzko historia eta kultura plazaratu eta irakurzaletasuna bultzatze aldera, Zarauzko Udalak aita Colomaren 'Gela urdina' liburuxka argitaratu du, euskaraz lehen aldiz. Zarauztarron inkontziente kolektiboan hain txertatuta dagoen ipuin horrek 1572an gure hondartzara iritsitako naufragoaren istorioa kontatzen digu, higanota bera, eta baita nola hil zen ere, Narros jauregiko gela urdinean.

Azalpenik ez duten gertaerek, gau erdiko hotsek eta hormetan zintzilikatutako pertsonaia bizidunen zantzuek Colomaren gogoa aztoratu zuten XIX. mende bukaeran, gela urdinean egindako egonaldian. Irakurleak ere maila berean erakarriko dituelakoan, liburuxka eskuragai dago Sanz Enea kultur etxean.

Bihar, mahai ingurua

Bestalde, Salbatore Mitxelena jaio zeneko 100. urteurrena dela eta, beste liburuxka bat argitara eman du Zarauzko Udalak. Argitalpen horrek zarauztar poetaren bizitza eta zenbait lan ezagutzeko aukera ematen digu, eta Literaturia jardueraren baitan banatuko da Modelo aretoan, bihar eguerdiko 13:30ean, Salbatore Mitxenenaren inguruan izango den mahai-inguruan.

Sanz Enea kultur etxean ere eskuragarri izango da.