Adarretatik Musika Jaialdi erakargarria datorkigu uztailak 19, 20 eta 21ean

'Makala', Oier Aranzabal eta Urko Uranga Adarretatik Jaialdiko kartelarekin Frontoi Txikian. / ETXEBERRIA
'Makala', Oier Aranzabal eta Urko Uranga Adarretatik Jaialdiko kartelarekin Frontoi Txikian. / ETXEBERRIA

Besteak beste, Ruper Ordorika, Joseba Irazoki, Kumbia Boruka edo Antonio Lizana Trio-ren kontzertuak izango dira

ANTXON ETXEBERRIAZARAUTZ.

Uztailak 19, 20 eta 21an, II. Adarretatik Udako Musika Jaialdia ospatuko da Zarautzen, Enbor Akzio Kulturalak eta Zarauzko Udalak elkarlanean antolatutako ekimena. Oraindik hilabete geratzen den arren, dagoeneko eman dituzte jakitera Zarautzen izango ditugun kontzertuak, guztiak maila handiko emanaldiak eta guztiak doakoak.

«Bertako zein kanpoko musika proposamenak Zarautzera ekarri eta herria musikazaleontzako zein musikarientzako plaza bihurtu nahi dugu», zioen ostiraleko aurkezpenean Oier Aranzabalek. «Herriko espazio ezberdinetan egingo da jaialdia. Familia osoarentzako, haur, gazte eta gurasoentzako pentsatutako musikaren festa da. Frontoki Txikia eta malekoia bihurtuko ditu eszenatoki, eta arratsaldez zein gauez izango dira kontzertuak».

Mikel Unzurrunzaga 'Makalak' aurten Zarautzen izango ditugun musikarien errepasoa egin zuen: No Land Trio; Ruper Ordorika Frontoi Txikiko oholtzan izango da; Sociedade Recreativa brasildik datorren taldea; DJ Maga BO Brasilgo DJ ospetsua; Joseba Irazoki eta Lagunak; Mexikoko Monterrey hiritik datorren Kumbia Boruka; SR Lobezno, Granadako DJ ospetsua, eta aurtengo Adarretatik ediziorako urrezko brotxea jartzeko Antonio Lizana Trio, igande arratsaldean itsas pasealekuan gaur egungo flamenco jazz ederrenaz gozatzeko aukera paregabea.