Zabalik dago Hazilanen 8. ediziorako izen-emate epea Udal Elkartean

Hazilan. Aurreko proiektuan parte hartu duten batzuk. / UKUE
Hazilan. Aurreko proiektuan parte hartu duten batzuk. / UKUE

Eskualdeko gazte langabeentzat, konpetentziak landu eta enpresetan praktikak egiteko bideratua dago

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan Proiektuaren zortzigarren deialdia egin du. Proiektuaren azken helburua langabeei laneratzen laguntzea edota lanean ari direnen lan aukerak hobetzea izaki, egitasmoa eskualdeko enpresa eta langabe edota lana hobetu nahi dutenei bideratuta dago.

Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko 7 edizioetan zehar, guztira, 109 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 46 enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).

Bi dira 8. edizio honetako alderdirik azpimarragarrienak. Alde batetik, aurreko edizioan prestakuntza eskaintza indartzeko apustuari heldu zaio. Bestetik, 7. edizioan bezala, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Programak bere-berea duen prestakuntzaz gain, praktikaldiari ekin aurretik, bogan den eta lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 24 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute 8. edizioan parte hartzen duten eskualdeko gazteek (aurreko edizioan egin bezalaxe). Hain zuzen ere, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, eskualdeko enpresa batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Izena emateko epea zabalik egongo da irailak 18a bitartean.

Informazio saioa

Informazio-saio bat egingo dute interesa duten gazte kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko, irailak 12an burutuko da, goizeko 10:00etan hasita Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz).

Programak, hiru atal nagusi izango ditu: Aktibatu fasea (80 orduko prestakuntza). Zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz. Egutegia eta ordutegia, 2019ko irailaren 23tik azaroaren 7ra bitartean. Astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era. .

Prestatu fasea (24 ordu, Nire marketina sareetan). Helburu orokorra da, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketing-a egiteko gakoak ezagutzea. Egutegia eta ordutegia, 2019ko irailaren 27tik azaroaren 8ra bitartean. Ostiraletan 09:30etik 13:30era. .

Kokatu fasea (200 ordu, praktikak enpresetan). Lanbide-profilaren arabera, benetako lan esperientzia lortuko da. Egutegia eta ordutegia, 2019ko azarotik 2020ko urtarrilera bitartean. Astelehenetik ostiralera, gehienez ere 6 orduko lanaldia.

Programa operatiboa 2016-2020 Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektuaren %50a Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50a garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).