Xabier Alberdi eta Aitor Leniz gaur Elkano arrantzale kofradian

Xabier Alberdi eta Aitor Leniz gaur Elkano arrantzale kofradian
AMAXKAR

Elkarrizketa historiko eta zientifikoak bigarren emanaldia dute gaur 'Elkanoren Itsasoratzea' ekimenaren barne

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

'Elkanoren Itsasoratzea' izenburupean antolatu den kultura-programazioa aurrera doa eta dagoeneko ekimen ezberdinak burutu dira. Dibulgaziozko hiru saio prestatu dira, elkarrizketa formatuan gauzatuko direnak, modu dinamiko eta parte-hartzailean, ikusleak mundubirarekin erlazionatutako gai ezberdinetara hurbiltzeko.

Lehenengoa joan den asteartean egin zen eta gaur arratsalderako bigarrena iragartzen dute, Elkano Arrantzale Kofradian 19:30ean hasita. Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik eta Aitor Leniz historialari lekeitiarrak 'Euskal Herriko kostako testuingurua Elkanoren garaian' gaiari buruz hitz egingo dute.

Astearteko saioan, Amaia Rojo UPV/EHUko ikerlariak eta Elkano 500 Fundazioko aholkulari Daniel Zulaikak 'Euskaldunak lehen mundubiran' gaiari heldu zioten. Saio benetan interesgarria izan zen eta herritar asko hurbildu ziren bertan esandako guztia entzuteko asmoz.

Gaurkoan, lehenengoan egin zen bezala entzuleak solasaldia amaitzean galderak egiteko aukera izango dute, adituek gogoz erantzuten dituztenak, emanaldiak oso bizkor eta erakargarriak bihurtuz.

Hurrengo asteartean, hilak 17, azken dibulgaziozko saioa egingo da, toki eta ordu berean.Ekai Txapartegi UPV/EHUko filosofia irakaslearen eta Iosu Etxezarraga arkeologoaren 'Itsasoko teknologiaren ezagutzatik, ezagutza zientifikora' gaiaren inguruko solasaldia izango da.

Getariako zenbait gizarte eta kultura eragilek, norbanako, Getariako Udalak eta Elkano 500 Fundazioak diseinatu eta antolatu dute ekitaldi hauen guztien egitaraua Mundubiraren inguruan.